Elurrezko ekaitzaren erdian, aurora boreal bat
Ilustrazio lanetan aritu da urte luzez Iñaki Aretxabaleta Andonegi. Irakaskuntzan dihardu gaur gaurkoz, baina hala ere, motibazio pertsonalek bultzatuta, argazkilaritzara eman du jauzia. Orain, industria gorabeheratsu eta aldakor batean, lasaitasunetik sortzen du.
Iñaki Aretxabaletak Islandian ateratako argazki bat.Iñaki Aretxabaleta Urik dagoen jakin gabe igerileku batera jauzi egitea bezala, asko dira artearen munduak sortzen dituen ezinegon eta zalantzak. Artea sortzen jarraitzeko hautuak dakartzan arriskuak ondo ezagutzen ditu Iñaki Aretxabaleta Andonegik. Arte eta argazkilaritza irakaslea da gaur egun, eta artearen munduan oso murgilduta badago ere, familia eta lanagatik profil baxuagoa eramatea erabaki du azken urteetan markina-xemeindarrak.
Arte Ederren gradua amaitu ostean, ilustrazioko master bat egin zuen Aretxabaletak. Etxetik hasi zen freelance bezala lanean, eta atzerrira joateko aukerak marrazkilariaren atea jo zuen behin baino gehiagotan. Momentu horretan, hautuak egiteko beharra heltzen zaie artista askori: «Bizitza aldatzea tokatzen da, zerotik hasi behar zara, fakturak ordaindu behar dituzu, garraioa kudeatzea ardura da… eta behetik hasi behar zara». Hala, Aretxabaletak Markina-Xemein du, gaur gaurkoz, bere lanen sorterri: «Aukerak alderatu nituen. Nire bizitza hemen dagoela konturatu nintzen, eta neure kabuz lan egiteko hautua egin nuen».
Izen eta entzute handiko lekuak eta nire erreferente izan direnak adimen artifizialaren ondorioz ixten ari dira.
Ez zen denbora asko pasatu bere lanak animeetan eta mugikorrerako jokoetan ikusten hasi zirenera arte. Ilustrazioak egiten aritu zen hainbat urtez; hala ere, mundu horrek sekulako eraldaketa jasan duela salatu du artistak. «Norabide finkorik barik» dagoen industria da gaur egun, adimen artifizialak «hankaz gora» jarri duena: «Proiektuak hasten dira eta estudioak zabaltzen dira eten barik, baina emaitzak ez badira oso onak, itxi egiten dituzte edo kaleratze asko egoten dira. Izen eta entzute handiko lekuak eta nire erreferente izan direnak adimen artifizialaren ondorioz ixten ari dira. Bideojokoen enpresa handienetan ere kaleratze pila bat egiten dituzte».
Enpresak eta bertako langileak ez dira izan kaltetu bakarrak. Euren kontura lan egiten duten artisten aurrean ere gupida barik jokatzen du adimen artifizialak. Argitu duenez, bezero askok garrantzia ematen diote lanaren atzean benetako pertsona bat egoteari, baina «adimen artifiziala konpetentzia handia bihurtzen ari dela» aitortu du Aretxabaletak: «Sare sozialena urte askotan izan da zure lana erakusteko modua, baina orain, adimen artifizialagaz eginiko lanekin konpetitzen duzu plataforma horietan, eta zure bizitzako denbora eta lan asko doa hor».
Teknologia berriek dena «fast food-a» bihurtu dutela argi ikusten du Aretxabaletak: «Sare sozialetan argazki bat ikusi eta hiru segundora kendu egiten dugu, eta ez gara konturatzen ikusi dugun horren atzean norbaitek 40 ordu sartu dituela». Argazkilari profesional batek ahalegin handiagaz sortu duen argazki bera adimen artifizialak sortu dezake klik bategaz, eta etorkizun hurbil batean horrek ekarriko dituen ondorioez ohartarazten du markina-xemeindarrak: «Adimen artifizialak egindako hori hain izango da ona, inork ez duela benetakoa baloratuko». Gazteenek ere normaltzat dute teknologia horren erabilera: «‘Adimen artifizialagaz egindako irudia dirudi’ esaten didate ikasleek benetako argazkiak erakustean, eta lehen, hori ez zen horrela».
Beti egiten du ilusioa norbere lana anime batean ikusteak; hala ere, gaur egun erronka pertsonalek motibatzen naute.
Profil baxua mantentzeko nahia azpimarratu du behin eta berriz artistak: «Beti egiten du ilusioa norbere lana anime batean ikusteak; hala ere, gaur egun erronka pertsonalek motibatzen naute». Sortzeko nahi horri segika, kamera ekipoa hartu eta argazkilaritzara eman du pausoa: «Nire aitak ere egiten zuen hobby moduan. Beti gustatu izan zait argazkilaritza balore tradizionaletatik. Posizioa, argia eta beti landu izan diren gauzak kontuan hartuta». Naturak, paisaiek eta animaliek osatzen dute Aretxabaletaren lana. Bidaiatzen eta lekuak erregistratzen aritu da azken urteetan: Islandia bisitatu eta bertako paisaiak kamera barruan gordeta ekarri ditu.
Zeru garbi batean margotutako aurora borealak ikusteko aukera izan zuen Aretxabaletak, eta hotz handia egin bazuen ere, «esperientzia biribila» bezala deskribatzen du bizitakoa: «Egunen batean bidai horren inguruko liburua egitea gustatuko litzaidake. Lekuen erregistro bat egin, eta argazkiak pasarte batzuekin osatuz, liburu fotografikoa osatzeko asmoa daukat».

Islandiako paisaia.Iñaki Aretxabaleta
Naturaren gordintasunak sortzen dio Aretxabaletari Islandia bezalako toki baten sortzeko gina, eta arrisku puntu bat atzetik izateak ere esperientzia biribiltzen duela aitortu du: «Neguan eguneko zati handi bat ilunetan egiten dute, gero udan, eguzkia ez da ezkutatzen, zero ezpitik hamazazpi graduko tenperaturak bizi izan ditugu, eta bagenekien elur ekaitz batek harrapatzen bagintu, han geldituko ginatekeela. Sentsazio guzti horiek bizitzea asko gustatzen zait. Glaziarretan eta izotzezko erreketan aritu ginen, eta goizeko orduetan argazkiak ateratzeko leku ikusgarrietan aritu ginen». Bertan izan zuen markina-xemeindarrak zazpi gauez aurora borealak ikusteko eta argazkietan irudikatzeko aukera.
Islandiako neguak legez, gordinak dira ilustrazioaren eta argazkigintzaren industriak. Gordintasun horretan barealdi batetik sortzen du Aretxabaletak, eta gaur gaurkoz, hori da markina-xemeindarrak sortutako lana: elurrezko ekaitz erdian, aurora boreal bat.

Islandian bizitakoaren argazki bat.Iñaki Aretxabaleta