Funtsezkoak ez diren jardueretarako ur kontsumoa mugatzea gomendatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak
Ispaster, Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ondarroako biztanleei ura zentzuz erabiltzeko eskatu die erakundeak, azken asteetako tenperatura altuen eta euri eskasiaren ondorioz, ibilguek ur maila baxua daukatelako.
Artibai erreka Ondarroan, itsarora heldu baino lehen. Funtsezkoak ez diren jardueretarako ur kontsumoa mugatzea gomendatu die Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Ispaster, Berriatua, Etxebarria, Markina-Xemein eta Ondarroako biztanleei, ura zentzuz erabiltzeko, alegia, azken asteotako tenperatura altuen eta euri eskasiaren ondorioz, udalerriok hornitzen dituzten ibilguek ur-maila baxua daukate eta.
Kaleak garbitzean eta lorategiak ureztatzean eskatu du erakundeak ur kontsunoa mugatzeko, eta horrez gain, debekatu egin ditu ondorengo jarduerak: igerileku pribatuak betetzea, lorategi eta baratzeak ureztatzea, ibilgailuak garbitzea eta gune pribatuak uragaz garbitzea. “Horren guztiaren helburua da neurri zorrotzagoak ez hartzea eta, bide batez, hornidura aldi baterako eten behar ez izatea”, azaldu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak idatzi baten bidez.
Partzuergoaren arabera, herri horiek hornitzen dituzten arroetako batzuk —Lea eta Artibai— “egiturazko eskasia egoeran” gelditu dira, luzaroan euririk egin ez duelako. Edonola ere, zehaztu dute Bizkaiko zatirik handiena hornitzen duten Zadorra sareko urtegiak “normaltasun mailan” daudela, %71tik gorako edukieragaz. Egoera irauli bitartean, erakundeak herritar guztiei eskatu die jarduera pribatuan ura arduraz erabiltzeko.
Emandako datuen arabera, azken hamarkadan Bizkaian herritarren ur kontsumoa jaitsi egin da; egunean 122 litrokoa izatetik, 97-105 litrokoa izatera igaro da.