Osagairik onenekin osatu dituzte San Lorentzo Eguneko ospakizunak
Berriatuko Asterrika auzoan eta Aulestiko Zubero auzoan dena prest daukate astelehenerako [abuztuak 10]. Ondo baino hobeto pasatzeko egitarauak dakartzate.
San Lorentzo Eguna Asterrikan Abuztuaren 10a gorriz daukate biribilduta Asterrikan eta Zuberon. Astelehenez dator aurten San Lorentzo. Uda sasoi bete-betean egonda, bertara doazenek ondo baino hobeto pasatzeko ekimen sortagaz bete dute ospakizunen otzara.
Berriatuko auzoan txistularien doinuekin hasiko dute eguna, 11:30ean. Idoia Lekerikabeaskoa, Kattalina Melendez eta Jasone Akizuk girotuko dute auzoa. 12:00etako mezaren ostean, ikurrinaren igoera eta aurreskua izango dira, Zerutxu dantza taldearen eskutik. Ohiturari hutsik egin barik, herri kirolen txanda izango da ondoren. Iago Magoaren ikuskizuna, umeen jolasak eta txokolate jana ekarriko ditu arratsaldeak, eta iaz modura, DJ Elepuntoren musika ere bai.
Iluntzean, 20:00etan hasita, Miren Amuriza igoko da taula gainera. Iaz Onintza Enbeita eduki zuen ondoan eta, oraingo honetan, Unai Iturriaga izango du bikote. DJ Elepuntok jarriko dizkio azken akordeak Asterrikako San Lorentzo Egunari.
Aulestiko Zuberon txapel jaurtiketan aritzeko aukera egongo da 12:00etako mezaren ostean. Eta arratsaldean, tradizioari eutsita, karta jokoan batuko dira, 40. Mus Txapelketan eta 33. Briska Txapelketan. Musean, txapela eta 200 eurokoa izango da lehen saria; 120 eurokoa bigarren saria, 80 eurokoa hirugarrena eta 50 eurokoa laugarrena. Izen ematea 15 eurokoa da bikoteko. Briskan, berriz, txapela eta 12o euro jasoko dituzte irabazleek, 60 euro bigarren sailkatuek, 45 euro hirugarrenek eta 30 euro laugarren sailkatuek. Izen ematea 10 eurokoa da bikoteko. Izen ematea 16:45ean amaituko da.
Asterrikan modura, umeen jolasak eta txokolate jana egongo dira arratsaldean. Dantzagarri amaituko da eguna, Sarkidi taldearen erromeria izango da-eta 19:30etik aurrera.
Aulestiko jai batzordeak jakinarazi du ez dela egingo gerta litezkeen istripuen erantzule.