Zaldupe udal kiroldegiko energia kontsumoa aurrezteko lanak burutuko dituzte abuztuan
Lanokin, gas naturalaren eta elektrizitatearen kontsumoa murriztu nahi du batez ere Ondarroako Udalak. Aurrerago, proiektuaren 2. fasea burutuko da.
Zaldupe udal kiroldegia Energia kontsumo handia murrizteko lanak burutuko dituzte Zaldupe udal kiroldegian abuztuan, eta kiroldegia itxita egongo da. Lanokin, gas naturalaren eta elektrizitatearen kontsumoa murriztu nahi da batez ere. Horretarako, ura aurreberotzeko aerotermia sistema txertatuko da instalazioan, ur bero sanitarioaren hoditeria aldatuko da eta panel fotovoltaikoak ipiniko dira. Gas naturalean eta elektrizitatean 1.239.517 kWh kontsumitzen ditu urtero kiroldegiak: 125.678,06 euroko gastua eta 335.780kg C02 isurketa suposatzen du horrek.
Ur Bero Sanitarioaren (UBS) ekoizpenaren energia eraginkortasuna hobetzeko, UBS aurreberotzeko sistema bat instalatzea aurreikusten da, aerotermia sistema baten bidez. Sorkuntza elementu gisa, bero ponpa bat erabiliko da, estalkian kokatuko dena. Izan ere, gaur egun, ur bero sanitarioa garraiatzen duten hodiak ez daude ondo, eta horrek arazo eta matxura asko eragiten ditu. Ondorioz, instalazioan ematen den UBS zerbitzuaren kalitatea murrizten da. Horregatik, UBSren lehen mailako eta bigarren mailako zirkuituetako hodiak berritzea aurreikusten da, “altzairu herdoilgaitzezko hodiak erabiliz eta legionellari buruz indarrean dauden araudi guztiak betez”, udalak azaldu duenez.
Era berean, bi bero trukagailu paraleloan instalatuko dira (UBS ekoizteko), ekoizpenean errepikapena eta segurtasuna bermatzeko; horrela, mantentze lanak egin ahal izango dira edozein matxura gertatuz gero ere, zerbitzua eten behar barik.
Energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioari dagokionez, 80 plakaz osatutako 44 kWp-ko potentzia nominaleko instalazio fotovoltaikoa ipiniko da, beharrezkoa denean soberako energia sare elektrikora isurtzeko aukera duena.
Udalak azpimarratu du proiektu horren garapenagaz, energia kontsumoa murrizteko eta kostu ekonomikoak murrizteko plangintzagaz jarraitzen duela: “Biomasa galdara berriaren instalazioa Arrigorri Ostatuan, aerotermia sistema bidezko %70eko energia autoekoizpena Zaldupe udal futbol zelaian, brigadako ibilgailu elektrikoak, kiroldegiko gimnasioaren aireztapen sistema…”.
Lanek 173.000 eurotik gorako aurrekontua edukiko dute, eta udal kiroldegiko hobekuntza lanen 1. faseko 2, 3 eta 4 atalei dagokie. Lehen atala iaz egin zen, gimasioaren klimatizazioa, hain zuzen ere. Aurrerago, proiektuaren 2. fasea burutuko da: igerilekuaren deshumektazioa, aldagelen aireztapena eta produktu kimikoak gordetzeko lekua.