Emozioa kantxan eta harmailetan
Ondarroako V. Pala Txapelketa arrakastatsua izan da. Olaitu-Egia, Berasaluze-Barinagarrementeria eta Unax-Patxi bikoteek jantzi dituzte txapelak, harmaila bete zaleren aurrean.
V. Pala Txapelketako finalak. Argazkia: Ondarroako Udala Zapatuan amaitu zen herriko frontoia pilota zalez betetzen duen txapelketa. Finalak eguzkipean jokatu ziren arren, frontoia leporaino bete zen, giro ezin hobean. Eta kantxan, erretinan gordeta geratu diren jokaldiak ikusi ahal izan ziren. Pala Txapelketak maila oso ona eduki du, zaleen berotasuna jaso du. Arrakastatsua izan da, duda barik.
Lehen mailan, Olaitu-Egia bikoteak irabazi zuen txapela, Pepe-Belarri bikoteari 25-12 irabazita. Bigarren mailan, Berasaluze-Barinagarrementeria ailegatu ziren markagailuan 25era. 21ean geratu ziren Gisasola eta Lombraña. Hirugarren mailan ere final estu-estua jokatu zuten Unaxek eta Patxik eta Xabik eta Acemelek. 25-24 irabazi zuen lehen bikoteak, ikusleen gozamenerako.
Ondarroako Udalak eskerrak eman dizkie Santoña-Ameriketa elkarteko lagunei pala txapelketa elkarlanean antolatzeko egindako lanarengatik, eta horiek eskerrak eman dizkiete herritarrei ezeze, ekainaren 15etik aurrera frontoian batu direnei. “Ez dago berbarik, benetan, zuek barik hau ez litzateke berdina izango“, esan dute. Eta zorionak eman dizkiete, “bihotz-bihotzez” txapeldunei, finalistei eta parte hartzaile guztiei, eurek barik txapelketa ez litzatekeela posible izango nabarmenduta.