Markina-Xemeingo txokorik berezienak betetzera dator Musika Haizeak
Barikuan [irailak 4] hasiko da Musika Haizeak zikloa Arretxinagako ermitan. Urriaren 30ean eta azaroaren 20an, emanaldi berezietan berezienak eskaniko dituzte Xemeingo elizan.
Kalitatezko musikari eta formakuntza duten inguruko musikariei espazio bat emateko jaio zen Musika Haizeak. Kultura musikala aberasteko eta Markina-Xemeingo eta inguruko herritarrei musika emanaldietara dohainik etortzeko aukera emateko helburuagaz hasi ziren lanean Maddi Txurruka eta Mikel Ansola markina-xemeindarrak. Zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta oraingoan ere, berezitasunekin dator Musika Haizeak.
Urte bakoitzean “ikuspegi jakin bat” ematen diote musika zikloari. Duela pare bat urte musika taldeei garrantzia eman eta zenbait talde igo ziren oholtzara. Aurten, aldiz, “bikote formatuaren alde egin dugu, eta beraz, binaka ariko dira zikloa musikatzen”. Bikote formatu honen baitan, “zer edo zer desberdina ekartzeko apustua” egin dutela azaldu dute antolatzaileek. Alde batetik, Markina-Xemeingoak diren edo herriagaz harreman bat duten musikariei jende aurrean aritzeko aukera emango die. Bestetik, konbinazio bereziekin ausartu dira oraingoan.
Barikuan Duo Éire akordeoi jole bikoteak eskainiko du Musika Haizeak zikloko lehen kontzertua. Arretxinagako ermitako hormak izango dira Marta Cubasen eta Elisa Ruizen akordeoi soinuen babeslekua osatuko dutenak. Musika tradizionala eta gaur egungoa uztartuko dituzte ohiko kontzertu bat izatetik urrun egongo den emanaldian. Akordeoiaren ezagutza eta erabilerak behera egin duela azaldu dute antolatzaileek, horregatik, “Euskal Herrian historia garrantzitsua” duen musika tresna hori herritarrengana hurbiltzeko “ildo pedagogiko bat” izango du emanaldiak.
Urriaren 30agaz batera etorriko da zikloko kontzerturik desberdinena. Xemeingo Elizak hartuko du kontzertua, eta bertako organoari garrantzia berezia eman nahi izaten die Musika Haizeaken baitan: “Xemeinen erabili eta bultzatu behar den organo bat dugu, horrelako altxor bat erabili egin behar da”. Joan Seguí izango da organoari bizia emango dion musikaria, eta Iñaki Bermúdez saxofoi jotzaileagaz osatuko du bikotea. Organoaren eta saxofoiaren arteko konbinazioaz aritzean, “oso arraroa” dela azpimarratu du Maddi Txurrukak: “Organoa antzinako musika tresna bat da, eta saxofoia, aldiz, XIX. mendean sortu zen. Musikalki ez da batere ohikoa, beraz, horregatik iruditu zitzaigun hain interesgarria”.
Azaroaren 20koa izango da itxiera kontzertua. Organoa eta ahotsa uztartuko dituzte Mikel Ansola organo jotzaile markina-xemeindarrak eta Aitor Garitano Xemeingo Abesbatzeko zuzendari eta tenorrak. Emanaldi honen bitartez, Markina-Xemeinegaz harreman estua duten bi musikariri tokia eta ikusgarritasuna emateko saiakera egin dugu. Antolatzaileek azaldu dutenez, aldarri bategaz dator kontzertu hori: “Abesbatzetan gero eta gizon gutxiago ikusten ditugu. Ez da erraza izango, baina ea lortu dezakegun gizonak animatzea, izan ere, garrantzitsua da mota guztietako ahotsak izatea”. Hiru egunetan 19:30ean hasiko dira emanaldiak.
Zikloaren hasieretatik antolatzaileek argi izan dute musika Markina-Xemeingo hainbat tokitara eraman nahi zutela, hala, aurten beteko dituzten espazioen berezitasunak azpimarratu dituzte: “Xemeingo elizako organoa toki horretarako dago eginda, eta oso ikusgarria da”. Arretxinagako ermitaren berezitasuna ere kontutan hartu eta musika bertara eramatea erabaki dute: “Oso espazio polita da eta akustika oso ona dauka”.
Zikloa martxan jarri zutenetik “oso erantzun ona” jaso izan dutela ziurtatu dute: “Kontzertu guztietan jendeak oso ondo erantzun zuen, dena bete genuen eta herritarrak oso esker onekoak izan ziren”. Aurten ere iazko giroa beste behin sortzeko asmoagaz antolatu dituzte hiru kontzertuak, eta helburua “jendea pozik geratzea” dela aitortu dute.