Uda luzatzera datoz Andra Mari jaiak
Andra Mari jaiak ospatzeko prest daude Gizaburuagan, Munitibarren eta Markina-Xemeinen. Herritar zein auzotarrek tradizio, bazkari, txapelketa eta udako giro ederrari eutsiz igaroko dituzte datozen egunak.
Herrigunea eta Oibarko auzoa izango dira Gizaburuagan Andra Mari jaien lekuko. Munitibarko Gerrikaitz auzoan ere bazkariek, txapelketek eta musikak osatuko dute hiru eguneko egitaraua, eta Markina-Xemeingo Erdotzak betiko tradizioa mentendu eta dantzak ikusteko aukera egongo da auzotar eta herritar guztientzat. Astelehenean hasi [irailak 7] eta domekara arte [irailak 13], eskualdeko herri eta auzootan jaiak hartuko ditu egun eta gauak.
Astelehenagaz batera helduko da herrira Andra Mari Eguneko bezpera, eta kanpai joteak herriko jaien etorrera iragarriko du 11:30ean, egun handiaren aurreko bolanderekin batera. Martitzenean, Andra Mari Eguneko meza amaituta, herriko trikitilariekin trikipoteoa egingo dute, herrian aspaldiko ohitura den txapel jaurtiketari ekin aurretik. Bazkari bi irabaziko ditu jaurtiketa onena egin duen herritarrak, eta produktudun otzarak, bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak. Horren ostean hasiko den briska txapelketan izena emateko 15 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzaileek, eta 200 euro eta txapela irabaziko ditu garaileak. Jaiak umeenak ere badira, hala, arratsaldean herriko eta inguruetako umeentzat jolasak prestatuko dituzte eta amaieran denentzako saria banatuko dute. Tortilla txapelketak bizi-bizirik mantenduko du Andra Mari Eguneko giroa, gainera, herritarrek sukaldaritza gaitasunak erakusteko aukera izango dute beste urte batez. Tortilla onenak 100 euroko saria eta trofeoa jasoko ditu, eta hurrengo hirurek ere bermatuta izango dute euren saria.
Oibarren batuko dira gizaburuarrak eguaztenean [irailak 9]. Tradizioak agindu bezala, Oibarko Eguna mezagaz hasiko dute eta Joseba Urrutia trikitilariak girotuko du mezaosteko kopaua. Arratsaldean heldu zein gazteentzat prestatu dituzte ekintzak, izan ere, mus txapelketan umeentzako herri kiroletan parte hartzeko aukera egongo da. Mus txapelketa lau erregetara jokatuko dute, eta izena emateko 15 euro ordaindu beharko dituzte jokoan arituko direnek. Irabazleak 200 euro eta txapela jasoko ditu, bigarrenak, aldiz 130 euro irabaziko ditu. Hirigarrenak 90 euro eta bi trago izango ditu Herriko Tabernan, laugarrenak, ostera, 70 euro, trago bi eta pintxo bi. Gizaburuarrek Oibarko Eguna amaitzeagaz batera agurtuko dituzte herriko jaiak, eta hasi zituzten poztasun beragaz amaitzeko, suak, txokolatea eta bizkotxoa izango dute.
Munitibarko Gerrikaitz auzora ere jai giroa ekartzera datoz andramariak. Irailaren 11n hasita, tortilla txapelketagaz hasiko dituzte jaiak eta iluntzean egin beharko dute prestatutakoaren aurkezpena, onena izanez gero, gazta bat irabazteko. Herritar guztien artean tortilla jana egin eta dantzaldia izango dute plazan, jai giroari musika bidez jarraipena emateko. DJ Kaktusek girotuko du jaia, eta afaltzeko, makailao jana egingo dute Kantokoa elkartean.
Zapatuan, irailaren 12an, herri bazkariak elizpean batuko ditu herritarrak. Izena emateko epea eguaztenera arte [irailak 9] egongo da zabalik udaletxeko administrazioan edo liburutegian jakinaraziz. Izena emateko orduan taldekide bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu. Jai batzordeak taldeek jaigunean bazkaria prestatzeko deia egin du, “orain arte egon den jai giroa mantentzeko”. Bazkarira Bazkalostean briska eta mus txapelketak egingo dituzte. Kasu bietan 16:00etan eman beharko da izena, briskaran bikoteko 10 euro ordainduz eta muserako, bikoteko 20 euro. Nagusien nahiak asetuta, haurrek ere izango dute ondo pasatzeko aukera, izan ere, hainbeste ume batzen dituen apar jaia egingo dute Bengolan. Auzoko jai bereziena iruditan gordetzeko argazki herrikoia aterako dute plazan, etorkizunean ere, auzolanaren herritarrak batzearen garrantziaz gogoratzeko.
Gaua heltzerako, Iratzar Erromeriak musikaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera emango die herritarrei. Amaitutakoan, gaua luzatzeaz eta hori girotzeaz arduratuko dira DJ Guzurterak. Txosnan bokatak egongo direla adierazi dute jai batzordeko kideek, eta baita herritarrei euren alkandorak jazteko gogorarazi ere.
Domekagaz batera [irailak 13] ikuskizunak etorriko dira auzora. Gerrikaitzeko VI. Harri-Jasotze Txapelketa parte hartuko duten zortzi kirolari ikusteko aukera egongo da. Eskualdeak ordezkaritza paregabea izango du, izan ere, Inhar Urruzuno ondarrutarra eta Patxi bilbao amorotarra izango dira lehian. Eurekin batera, Ane Atxutegi eta Gari Elorriaga gernikarrak, Eneko Bilbao kortezubitarra, Jon Onaindia mendatarra, Maddi Gesalaga zarauztarra eta Ane Cestau nafarra. Amaitutakoan, hamaiketakoan batuko dira herritarrak. Zirika Zirkus arratsaldean izango da Plazan Marietak ikuskizuna herritarren aurrean eskaintzeko, eta jaiak modu alai baten amaitzeko.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoak, tradizioari jarraiki, martitzenean [irailak 8] mezan batuko dira auzotarrak. Mezaosteak dantzak eta jana izango ditu, izan ere, Markina-Xemeingo jai guztiak alaitzen dituen Zerutxu dantza taldea ikusteko eta pintxoak jateko aukera egongo da bertan.
EGITARAUA
ERDOTZA (Markina-Xemein)
Irailak 8, martitzena
- 12:00. Meza.
- 13:00. Zerutxu dantza taldea.
GIZABURUAGA
Irailak 7, astelehena
- 11:30. Kanpai jotea eta bolanderak.
Irailak 8, martitzena
- 11:00. Meza.
- 12:00. Trikipoteoa herriko trikitilariekin.
Ondoren, txapel jaurtiketa. - 14:30. Nagusien herri bazkaria.
- 17:30. Briska txapelketa. Izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira.
- 18:00. Umeen jolasak.
- 19:00. Tortilla txapelketa.
Irailak 9, eguaztena
- 11:30. Meza Oibarren.
Ondoren, kopaua Joseba Urrutia trikitilariagaz. - 17:30. Mus txapelketa (4 erregetara). Izena emtaeko 15 euro ordaindu beharko dira.
- 17:30. Umetzako herri kirolak.
- Amaitzeko, txokolatea bizkotoekin eta suak.
GIZABURUAGA
Irailak 11, barikua
- 20:00. Txortilla txapelketa.
Ondoren, tortilla jana herrikoia.
Ostean, dantzaldia eta DJ Kaktus. - 21:00. Makailao jana.
Irailak 12, zapatua
- 14:30. Herri bazkaria, elizpean.
- 16:45. Briska txapelketa.
- 17:00. Mus txapelketa.
- 17:30. Apar jaia Begolan.
- 20:30. Argazki herrikoia plazan.
- 21:00. Iratzar erromeria.
Ondoren, Guzurterak DJ.
Irailak 13, domeka
- 12:00. Gerrikaitzeko VI. Harri-Jasotze Txapelketa.
Ostean, hamaiketakoa. - 18:00 Marietak ikuskizuna, Zirika Zirkusen eskutik.