Bertan behera utzi dute Antzar Eguna, gazte baten heriotzaren ondorioz
Antzar Jokoa normaltasunez hasi den arren, 16:10ak aldera gertatu da ezbeharra. Lekeitioko Udalak eta Antzar Batzordeak bertan behera utzi dituzte gaurko aurreikusita zeuden ekintza ofizial guztiak; bihar [irailak 6], ostera, 10 minutuko isilunea egingo dute
Lekeitioko Udalak eta Antzar Batzordeak ezbeharra jakinarazi duten unea. Milaka lagun elkartu dira gaurkoan [irailak 5] ere Lekeitioko Antzar Egunean, baina 20 urteko gazte baten heriotzaren ondorioz bertan behera geratu dira gaurko aurreikusita zeuden ekintza guztiak. Ezbeharra 16:10 inguruan gertatu da, jai giro bete-betean.
16:00etan Antzar Jokoa normaltasun osoz hasi den arren, jokoan parte hartu behar zuten 112 potinetatik 71 baino ez dira antzararen bila atera. Hedabide honek baieztatu duenaren arabera, gaztea gaizki sentitzen hasi da. Zorabiatu eta zorua kolpatu du buruarekin, eta konorterik gabe geratu da. Hori horrela, larrialdi zerbitzuetako hiru anbulantzia nahiz Ertzainak bertaratu dira, eta Abadeen moila hustu dute. Gaztea suspertzen saiatu ostean, haren heriotza baieztatu dute.
Gertaeraren aurrean, Antzar Batzordeak nahiz Lekeitioko Udalak, Antzar Eguneko ekintza ofizialak bertan behera uztea erabaki dute: “Zoritxarreko albiste baten berri eman behar dugu. Jai honetan gaudela, gazte bat hil zaigu hemen alboan. Egoera honen aurrean, Antzar Batzordeak eta udalak gaurko ekintza ofizialak atzera botatzea erabaki dugu. Besarkada eta animo guztiak bere lagun eta senideei. Agur eta ohore lagun maitea”. Senitarteko eta lagunei doluminak emateagaz batera, udalak arduraz jokatzeko deia egin die Lekeition dauden herritarrei eta jaiaz gozatzera joan direnei.
Bihar [irailak 6] Antzar Batzordeak eta udalak deituta, 19:00etan 10 minutuko elkartasun isilunea egingo dute, udaletxe aurrean.