Bauan-Bauan, gaztetxoentzako irakurle taldea Ane Labakaren eskutik
LH 5-6 eta DBH 1-2 mailetako gazteentzako izango da eta bi hilabetero saio bat egingo da. Izen ematea bihar [irailak 9] zabalduko dute.
Lekeitioko Udalaren eskutik eta Ane Labaka Mayozen gidaritzapean, Bauan-Bauan Gaztetxoen irakurketa taldea sortuko da lehendabizikoz eta LH 5-6 eta DBH 1-2 mailetako gazteei zuzendua izango da. Saioak bi hilabetetik behin izango dira Txitxintokian (Kultur Etxea) arratsaldeko 17:00ak eta 18:00ak bitartean. Labakak azaldu duenez, ideia beste herri batzuetatik hartu zuten: “Euskal Herrian herri diferenteetan badaude gaztetxoen irakurketa taldeak eta oso ondo funtzionatzen dute”. Beraz, beste herrietan egiten dena Lekeitiora ekartzea da helburua.
Lekeitioren kasuan, helduentzako hiru irakurle talde daude: Andraetxean Irakurle Talde Feminista, Labakak gidatua, belaunaldi artekoa Iñigo Aranbarriren gidaritzapean eta udan antolatzen dena Mikel Antzaren eskutik. Labakak aipatu duenez, liburutegiko arduradunekin eta udalarekin hitz eginda, umeetan ohitura handiagoa dago liburutegira hurbiltzeko eta irakurzaletasuna badagoela ikusten da, baina tarteko adina duten gaztetxoekin lanketa bat egitea egokia litzatekeela bat datoz alde guztiak.
Irakurketa taldean parte hartu ahal izateko, interesatuek izena emateko aukera izango dute irailaren 9tik 25era bai online (karteletako QRaren bitartez) zein liburutegian bertan. Izen ematea dohainik izango da.