'Bi Aho Ezezagun', arte garaikidera hurbiltzeko ibilbide kolektibo bat
Uhagon Kulturguneak sormen esperientzia kolektiboa eskainiko du zapatuan [irailak 12]. 'Bi Aho Ezezagun' arte instalazioaren baitan Super 8 itzulgarrian filmatzeko tailerra eskainiko dute. Izena emateko aukera barikura arte egongo da.
Espazioagaz jolasteko, performanceak barru-barrutik bizitzeko eta errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lausotzeko esperientzia eskainiko du Uhagon Kulturguneak zapatuan [irailak 12]. Goizean hasi eta gauerdira arte, sormenez gaindi egingo duen egitaraua prestatu dute bertaratu nahi duten pertsona guztientzat.
Super 8aren sormen-aukerak ezagutuz hasiko dute zapatua. Super 8 itzulgarrian filmatzeko tailerrak zinema-hizkuntza ulertu eta mugarik barik jokatzeko aukera emango die artistei. Formatu horren funtzio guztiak modu sakonean ulertu eta artisau eran filmaketa kolektibo bat egingo dute. Egunaren amaieran, grabatu, editatu eta errebelatutako emaitza ikusteko aukera egongo da. 11:00etan hasi eta 19:00ak arte izango da ikus-entzunezko piza sortzeko tartea. Plaza mugatuak egongo direla adierazi du kulturguneak, hala, interesdunek aurretik jakinarazi beharko dute parte hartzeko asmoa. Izena emateko zenbait bide zabaldu dituzte: nahikoa izango da kulturgunea@uhagon.com helbidera idaztea, WhatsApp bidez 640 29 90 64 zenbakira idaztea edo 94- 616 63 03 telefono zenbakira deitzea.
Tailerreko eginbeharrak amaituta, artista ikusle bihurtuko du ibilbide zirkularrak. Uhagonetik hasiko dute ibilbidea. Kulturgunea atzean utzi eta esperientziak Murgako basora eramango ditu ikus-entzuleak. Argi eta naturaz inguratutako espazioan Andoni Zamora Txakartegi artista lekeitiarraren performance bategaz egingo dute topo: Bigarren Basoa. Zamorak espazioagaz eta performanceagaz lan egiten du, eta “pertzepzioaren, errealitatearen eta fikzioaren arteko lortura” ikertzen du. Publikoaren begirada eta presentzia beharrezko elementuak dira bere lanean, izan ere, “haren piezak egoera ireki gira sortzen dira”, espazioek, ekintzek eta ikusleek “esperientzia partekatu bat” osatzeko.
Erromesen aterpetxean egingo dute hurrengo geldialdia. Alex Reynoldsen Oveja Buey Viento bideoa ikusteko aukera izango dute bertan, baita Peel bideo-intalazioagaz bat egiteko aukera ere. Bere obran zinemaren mugak itxuragabetuta aurkituko ditu ikusleak: “Soinuan, performancean eta beste sortzaile batzuekiko kolaborazioetan aukitzen du adierazpena”. Ibaiko bidexkan Elba Martinez artistaren instalazio bategaz egingo dute topo. Artista nafarrak SMS con un desconocido izeneko obra sortu du, eta ikuslea harritzera datorrela ziurtatuta dago.
Uhagonera itzuli eta Super 8 tailerrak emandako fruitua argitaratzeko momentua izango da. Azkenik, Lur Olaizola zinemagile donostiarraren Bariazioak laugarren film laburra proiektatuko dute. Hiru pertsonairen bitartez, pieza laburrak bizitzari, doluari eta haren aldaerei buruz berba egingo du.
Harriak programaren baitan sortutako instalazioa da ‘Bi Aho Ezezagun’. Programak “arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzea” du helburu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri txikietan arte garaikidea bultzatzeko.
Bi Aho Ezezagun
Elkar ezagutzen ez duten bi ahok paisaia ezatsegin batean topo egin dute egunez. Eremu ireki antzeko batean, gorputzaren arrarotasuna handiagoa izan dadin. Ahoak elkarrengana doaz, “albero” argi bat zapalduz, aurrez aurre geratzen diren arte. Bata une horretan bertan agertzen da. Haren irudia ibileran forma hartzen ari bazen ere, orain esanahi-estratuak dituen mendi handi bat bezala altxatzen da. Bertan, beste ahoaren milioika urteko
esperientzia jalkitzen da: aurpegiak edo keinuak, porrotak edo aurkikuntzak, ebatzi gabeko doluak edo une egokian egindako agurrak. Talka gertatzen denean eta aho batek bestea irekitzen duenean, K. Le Guin-ek ikusten du nola elkartrukatzen dituzten beren zatitxoak, joan-etorrian?. Barneko paisaia mental apainduak, gauza fisikorik ez.
(Haren Kontatzea entzutea da liburua eremu ireki horretan argitaratu zen; izan ere, argitaletxeko jabearen semea liburu-saltzaile lesbiana batez maitemindu zen, eta hark bere egilerik gogokoena argitaratzea iradoki zion. Kultura-produkzioa eragiten duten afektuek irakurketa-okerren ondorioak ere badira; bestea hartze eta besteari emate horretan, fikzioak bidea egiten du).
Geroago, gaua iristen denean, eguneko topaketa bizitasun handiz berregiteko aukera izango dugu. Barthesek orduan esnatzen den hizkuntzarekiko beldurra aipatuko luke —nik hau esan nuen, nik bestea esan nuen-, trumilka itzultzen diren izenondoak. Fantasiazko gau hori hausnartzea fikzio-fabrika batean zirkuluan ibiltzea da, non fikzio batzuek geratzea erabakitzen duten eta beste batzuk korrika irteten diren. Gure gauean, Maitek eta Unaik ematen diote hasiera elkarrizketari, eta Lurrek amaiera. Bi ezkutatu egiten dira, eta Andonik begien bistatik kanpo dagoena agerrarazten du. Elbak bestearengana agertzeko impasse hauskorra luzatzen du, eta Alexi gertakaria eteten dio, inork kantatu, inork kontatu, inork entzun baino lehen. lluntasunak irudimena askatzen du eta elkartrukea arinagoa izatea errazten du, film bat jaso eta interpretatzen duten ikusleena bezalakoa: atera duen lur emankorrera itzultzen du, desberdin.