Ispastertarrek urteroko zita edukiko dute zapatuan nekazal azokagaz
11:00etatik 14:00etara lehen sektoreko hamabost ekoizle eta hamalau artisau izango dira bertan. Lekeitiko Bolillerak ere bertaratuko dira eta herriko hainbat animalia ere ikusgai izango dira.
Zapatu honetan [irailak 12] urteroko zita izango dute Ispasterko herritarrek Nekazal Azokan. Azoka 11:00etatik 14:00tara bitartean gauzatuko da eta bertaratzen direnek 29 postu izango dituzte produktuak erosi eta giroaz gozatzeko.
Jarriko diren postuetan askotariko produktuak egongo dira salgai, horien artean lehenengo sektoreko ekoizleak hamabost izango dira. Postu horiek hartuko dituzten ekoizleak izango dira besteak beste: Labegur, La Gilda del Norte, Baskaran, Bedarokela, Betilorak, Urdaibai Kontserbak, Karrantzako gaztagile eta artzaina eta Baionako ekoizle bat. Azken hiru hauek lehendabizikoz datoz azokara. Bestetik, artisauek hamalau postu izango dituzte eta telazko produktuak, belarritakoak, poltsak, diru-zorroak eta antzekoak izango dira nagusi.
Eskarne Gogenola zinegotziaren berbetan ekoizleek beti erantzuten dute: “Urtero egoten da zer erosi, beti datoz nobedadeak, ez dira beti produktu berak egoten. Badaude batzuk urte askoan etorri direnak eta jarraitzen dutenak etortzen eta gero beste batzuk daude, beste azokaren bat egonez gero ausentziak egon litezke, baina bertokoak beti egoten dira.”
Aurtengo beste berrikuntza nabarmena kanpoko frontoiaren estaldura berria da. Azokarako guztiz amaituta egon ez arren, bertan egongo dira artisauen postuak eta BBKko beste batzuk.
Animaliak ere izango dira azokan. Alde batetik, txakurrak haritz berriaren alboan egongo dira eta beste animalia guztiak bolatokiaren atzealdean. Bertan behiak, zaldiak, ahuntzak eta ponyak egongo dira, eta nobedade moduan betiko ahuntza arrazaz gain ahuntz zuriak ere egongo dira. Animaliak gehienak Ispasterkoak izango dira, behiak izan ezik, Bedaronatik ekarriko dituzte.
Ezin da aipatu gabe utzi bigarren urtez Lekeitioko Bolillerak ere bertan izango direla, egiten duten lana bistaratu eta erakusteko. Gogenolak hauen presentzia baloratzen du: “Edonor egotea bere eskuekin beharra egiten… Niretzako artista batzuk dira, urte askoan ikasten duten lana da eta zaila da egiten”.
Ispasterko Udaletik hainbat urte daramatzate azoka antolatzen, eta urtero aho zapore onarekin bukatzen dute; hurrengo urtera begira ere antolatzeko asmoz daude. Udalaren aldetik, azokarekin duten asmoa sinplea da: “Helburua da lehenengo sektorea bultzatzea eta aukera ematea euren produktuak saldu ahal izateko. Lehenengo herrikoak, gero eskualdekoak eta gero apur bat baita kanpora begira ere. Orduan aukera dute ekoizten dutena saltzeko. Herriarentzako ere egun polita izaten da.”