Lekeitiarrek sanantolinetan erakutsitako elkartasuna azpimarratu du udalak
Jaietako zabor kopuruaren eta masifikazioaren ondorioen inguruan hausnarketa serio bat eskatzen duten arren, herritarren eta eragileen jarrera zoriondu nahi izan dute.
Antzar Egunean izandako ezbeharrak erabat baldintzatu ditu aurtengo sanantolinak, eta horren aurrean, Lekeitioko Udalak balorazio sakona egin du jaien inguruko hainbat gai mahaigaineratuz. Beste ezeren aurretik, herritarrek izandako portaera eredugarria txalotu nahi izan du: “Lekeitioko herriak bere nortasunaren esentziatik eta bere balioetatik erantzuten jakin du”.
Egun horretan Antzar Batzordearekin lortutako koordinazioa eta herriko beste eragileek izandako jarrera arduratsu eta kolaboratzailea nabarmendu nahi izan du udalak, baita biharamunean elkarretaratzera euren babesa erakusteko gerturatu ziren herritar guztien prestutasuna ere. Errekonozimendu honekin Zinemazaleen Elkarteak pregoian eman zuen mezua gogorarazi nahi izan dute, herriko talde eta eragileek egiten duten lanaren aitorpena eta euskararen aldeko konpromisoa, alegia. Bide beretik, udal ordezkariek aitortu dute bai herritarrek eta bai eragileek auzolanerako gogoa erakutsi dutela, guztiak ezinbesteko direla esanez.
Jaietan kaleetan giro bikaina izan dela azpimarratu dute eta herritarrak zoriondu dituzte herriko jardueretan izandako parte hartzeagatik, eta bereziki nabarmendu dute txarangek hartu duten protagonismoa bajada egunean bafleen presentzia txikiagoa izan delako.
Jaiak inklusibo egiteko neurriak eta berrikuntzak ere baloratu nahi izan dituzte. Alde batetik, txupinazoan zeinu hizkuntzako interpretearen presentzia, gurpildun aulkiko pertsonentzako tarima kontzertuetan eta estreinakoz desgaitasuna duten pertsonentzako Antzar Eguneko gune egokitua. Bestetik, udalak Arreta Feministarako gunea jarri du bigarrenez, eta salaketarik jaso ez den arren, ez dute aipatu gabe utzi nahi izan salaketarik ez egoteak ez duela esan nahi jaiak emakumeontzat guztiz askeak eta seguruak izan direnik.
Bestalde, hausnarketarako bidea ematen duten gaiak ere izan dira hizpide. Herrian sortu den zabor kopurua eta Antzar Egunean jazo zen masifikazioa izan dira mahaigainean jarritako gaiak.
Jaietan sortu den zaborrari dagokionez, datuak falta badira ere, udalak argi uzten du zabor kopurua “jasangaitza” dela eta arazoak hausnarketa serio bat eskatzen duela. Izan ere, ingurugiroan duen inpaktua “onartezina” izateaz gain, herritarrentzako kalera ateratzeko oztopo ere bada.
Antzar Eguna zabor andana horren arrazoietako bat izaten da, eta udalak aipamen berezia egin dio egun hartan sortutako masifikazioari. Hala, egun hura norentzako den hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak nahiz bertaratu zirenak: “Masifikazio horrek egoera arriskutsuak sortzen ditu herrian. Umeek eta nagusiek ezin dute Antzar Eguna lehen bezala gozatu, gero eta taberna gehiago egoten dira zarratuta, herritar askok egun horretan herritik kanpora joatea erabakitzen dute, eta, azken batean, herria egun batez ‘hankaz gora’ egotea eta diskriminatzen duen jai bat izatea normaltzat hartzen ari gara”. Hala ere, udalak mezu argi batekin laburbildu du jaien balorazioa: “Harro egoteko moduko herria gara”.
Bizkaibus zerbitzua, aztergai. Antzar Eguneko masifikazioa saihestu nahian Bizkaibus zerbitzua murrizteko egindako eskaera baztertua izan zenez, udal ordezkariek datorren urteari begira egoera hau ikuspegi orokor batetik landu behar dutela aurreikusten dute: “Udaletik Bizkaibusari eskatu genion kanpotik 15 minuturo datozen autobusen kopurua murrizteko. Zoritxarrez, eskaria ez da aintzat hartu, eta uste dugu datorren urteari begira egoera hau ikuspegi orokor batetik landu behar dugula, herriaren segurtasuna, eta jaiaren eta herritarren integraltasuna babestu behar dira”.