Markina-Xemeingo denden plaza izango da Udako Merkatu Txikia
Hemen Be Bai merkatari elkarteak Udako Merkatu Txikia antolatu du zapaturako [irailak 12]. Sari banaketa egiteaz gain, Xemeingo Koralak kontzertua eskainiko du 12:00etan.
Beste urte batez, Udako Merkatu Txikia antolatu du Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkarteak. Herriko dendek euren produktuak plazaratzeko aukera izango dute zapatuan [irailak 12] 9:30etik 14:30era, Arkupe aurrean. Hala, herritarrek zein ingurukoek beherapenez betetako azoka berezienera bertaratu eta herriko dendei bultzada txiki bat emateko aukera izango dute.
Aurtengo merkatu txikia “anitzena” izango dela aurreratu du merkatari elkarteak. Euren eskaintzagaz izaera hori emango dioten dendak honako hauek izango dira: Casa Pepa, Nerea arropa denda, Ixaie lurrindegia, Itziar optika, Tere arropa denda, Iranai eta Maluke.
Produktuen eskaintzaz gain, merkatu txikiari musikak emango dio ukitu bereziena. Xemeingo Koralak bere 50. urteurreneko ospakizunekin jarraitzen du, eta 12:00etan kontzertua eskainiko du merkatura bertaratu diren herritarrentzat. Urte guzti horietan jasotako babesa eskertu nahi izan diete herritarrei, hala, zozketa bat abiatu zuten Hemen Be Bai elkarteagaz elkarlanean. Elkartea osatzen duten denden produktuek osatutako lehen saria banatuko dute, baita dendetan gastatzeko bonuak ere. Irabazleak saria jasotzera bertaratu beharko dira, eta horretarako, zenbakiak argitaratu dituzte:
- 1. Saria: 700 euroko balioa duen karretila – 1.052 zenbakia
- 2. Saria: 200 euroko bonua – 4.278 zenbakia
- 3. Saria: 100 euroko bonua – 4.257 zenbakia