Zabalik dago Perurekin elkartearen bigarren eskuko azoka solidarioa
Irailaren 20ra arte egongo da zabalik azoka, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Lortutako dirua Peruko Defensoria de la Mujer Alto Trujillo proiektura bideratuko dute.
Perurekin Elkarteak bigarren eskuko azoka antolatu du. Perurekin Elkartea. Ondarroako Perurekin elkarteak Bigarren Eskuko Azoka jarri du martxan irailaren 7tik 20 bitarte eta lortuko den diru guztia Peruko Defensoria de la Mujer Alto Trujillora bideratuko da. Azoka herritarrentzako zabalik dago egunero, goizean 10:00etatik 13:00etara bitartean eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara, herriko Udal Erakusketa Aretoan.
Hamar urte baino gehiago darama elkarteak bigarren eskuko azoka antolatzen herrian; izan ere, elkarteko kideek ekimen “garrantzitsutzat” daukate, eta urtero, harrera “oso ona” izaten duela azpimarratu dute: “Perun egon ginen zenbat lagunek osatzen dugu elkartea. Bertatik buelta egin genuenean, Ondarroatik bertara nolabaiteko laguntza bidaltzeko sortu genuen elkartea, eta urtean ekimenak antolatzen hasi ginen. Hamar urte baino gehiago daramagu azoka antolatzen; normalean, urtean bitan egiten dugu. Harrera oso ona izaten du, eta oso pozik gaude horrekin”. Denetarik egoten da azokan, eta bertan irabazitako dirua orain arte Liman boluntario egon ginen proiektura bidaltzen zuten, baina aurten, proiektu berria ezagutu dute, eta bertara bidaliko dituzte irabaziak: “Defensoria de la mujer de Alto Trujillo proiektua ezagutu dugu, eta gure elkarteko kide bat ere bertan egon da ekimena gertutik ezagutzen. Oso interesgarria iruditu zaigu, eta aurten, bertara bideratuko dugu lortutako dirua”.
Elkarteko partaideek azaldu dutenez, urte guztiko lana da aurrera eramaten dutena, eta ondorioz, sare polita sortu dute urtez urte azokara bertaratzen direnekin: “Kontzientziazio bat ikusten dut herritarren partetik ere. Bide horren parte izan gara, eta oso pozik gaude. Gainera, harreman politak egin ditugu Ondarroan bizi diren perutarrekin ere, eta bigarren eskuko azokan erosten duten materiala Perura bidaltzen ere laguntzen diegu, baita gainontzeko herrialdeetara ere. Beraientzat oso garrantzitsua da sortu ziren herrialdean gelditu diren familiagaz harremana mantentzea, eta hemendik behar dutena bidaltzea”.
Boluntario bila. Joan den astean bilera irekia deitu zuen elkarteak, proiektuaren berri eman eta antolatzen duten jardueretarako laguntzaile berriak bilatzeko: “Lau lagun etorri ziren bilerara, eta txandak egiten laguntzeko prest zeudela esan ziguten. Oso eskertuta gaude gu jasotako laguntzagaz”.