Jai "herrikoi, euskaldun eta bereziak" hartuko ditu Aulestik
Eguaztenean [irailak 16] hasi eta domekara arte [irailak 20] Santa Eufemi jaiek alaituko dituzte Aulestiko izkina guziak. Mendi jaiak, ume eta nagusientzako txapelketek eta gaueko kontzertuek osatu dute aurtengo egitaraua.
Udako azken egunak alaitzera datoz Aulestiko Santa Eufemi jaiak. Eguaztenean hasi eta domekara arte izango dute aulestiarrek zer ospatu; izan ere, herriko plazatik hasi, zelaitik pasa eta mendian amaitu arte, joko, txapelketa, musika eta aldarriz beteko dute herria. Santa Eufemi Eguna heltzeagaz batera helduko dira lehen ekintzak eta ospakizunak. Aulestiarrentzat «egun gogokoena eta bereziena» izaten da irailaren 16a; «herritar guztiak alkarregaz» egoteko eguna, gazte zein nagusientzat prestatzen dutena. Ume eta gaztetxoentzako bola joko topaketa izango da jaiek eskainiko duten lehen ekintza, gaztetxoenen lehiakortasuna erdigunean jarriko duena. Goiko zelaian mezarako tartea izango dute herritarrek eta, aldi berean, poneyak ikusgai egongo dira, Mutrikuko Ibiri ganadutegiaren eskutik.
Herritarren beharrak aldarri bihurtuta, Herri txikiak bizirik lelopean, zelaian batuko dira aulestiarrak. Iaz egin zuten bezala, BI-3448 errepideak sortzen dituen arriskuak salatuko dituzte: «Herritarrok egunero bide horretan arriskuan» daudela gogorarazteko egingo dute elkarretaratzea. Herri plataformaren aldeko kamisetak ere salgai egongo direla adierazi dute antolatzaileek.
«Ohiko egitaraua mantentzea» erabaki badute ere, «berritasun bategaz» datoz aurten. Nagusien eta umeen irrintzi lehiaketa antolatu izan dute aurreko urteetan; hala ere, umeek txapelketan izan ohi duten «parte hartze ikaragarria» ikusita, Santa Eufemi Egunean antolatzeko erabakia hartu dute aurten. Umeei txapelketarekiko duten prestutasuna eskertu nahi izan die antolakuntzak. Aulestiko Lorea Zarragoikoetxea, Ainara Ituino eta Nerea Agirre irrintzilariek «motorrak berotzen hasteko eta teknika ikasteko» irrintzi ikastaroa eskaini die umeei gaur [irailak 11], eskolan.
Gaztetxea ere jaien parte dela argi geratzen da Aulestiko jaietan. Ume eta gaztetxoentzako txapel jaurtiketa antolatu dute, eta amaitutakoan, nagusiek izango dute trebetasunak neurtzeko aukera. Txapelketa eta irrintzi artean, musikak ere izango du tokia; izan ere, eguerditik hasita, Izarra eta Gorka trikitilariek erromeria jarriko dute martxan. Iluntzearen etorrerak musika eskaintza eten ez dezan, Trikidantz erromeria taldeak dantzan jarriko du Aulestiko plaza.
Irailaren 17ak abenturaz betetako esperientzia eramango du herriko gazteentzat. Leaktibaik 12 urtetik gorako gazteentzako ekintzak prestatu ditu, eta momentuz, hamar pertsonak izena eman dute. Gaztetxoenek ere eskaintza berezia izango dute abentura parkearen eskutik; izan ere, padel surf egingo dute 30 haur baino gehiagok. Bariku gauak musika eskaintza berezietan bereziena dakar aurten ere udalerrira. Bergaratik dator Brigade Loco taldea, eta punk-rock musika eroango du herriko plazara. Uda hirukoteak ere aurreko kontzertuak eskainitako doinuen ildo beretik jarraitu, eta energiaz betetako musika eskainiko du.
Domekako mezagaz hasiko dute jaietako azken eguna. Meza amaituta, aldarri sendoz eraikitako herria dela erakutsiko du Aulestik beste behin: euskal preso politikoen eskubideen alde batuko dira herritarrak, Aulestiko preso eta iheslarien aldeko mugimenduak deituta. Jai girora bueltatu eta trikitilariek izango dute goiza alaitzeko ardura. Domekan, 45 urte bete dituen ohitura bati helduko die herritar eta inguruko kirolariek. Santa Eufemiko ermita helmuga izanda, 45. Ermitara Igoera lehiatuko dute. Amaiur Etxeandia zornotzarra eta Xuban Muniozguren markina-xemeindarra izan ziren iazko irabazleak. Lehenengoak, 6 minutu eta 3 segundo behar izan zituen helmugara heltzeko, eta bigarrenak, 4 minutu eta 12 segundo. Marka horiek kontuan hartuta ekingo diote aurten erronkari. Izan ere, «aurreko marka gainditzen duenak 60 euroko saria jasoko du».
Gizonen zein emakumeen kasuan, 90 euro eta txapela irabaziko ditu irabazleak. Bigarrenak 75 euro, hirugarrenak 60 euro, laugarrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro jasoko ditu. Herriko lehenengoarentzat ere saria egongo dela azpimarratu dute, baita parte hartzaileentzako kopaua egongo dela ziurtatu ere. Igoera Herrikoien Ligarako puntuagarri izango da domekan lehiatuko dutena, eta ligako hurrengo hitzordua Ondarroan izango dute, irailaren 26an ospatuko duten Tontorramendira Igoeran. Bestalde, bada Aulestin aspaldi ohitura bihurtu den beste ekitaldi bat: Irrintzi Txapelketa. 36. ekitaldian, 85 euro eta txapela egongo dira irrintzilari onenarentzat, 70 euro bigarrenarentzat eta 45 euro hirugarrenarentzat. Txapelketek ez dute etenik izango; Bizkaiko 35. Hiru Txirlo Bola joko Txapelketari begira egongo dira kirol horren zaleak.
Garraioa. Bide mozketei buruzko oharra argitaratu du Aulestiko Udalak: «Irailaren 16an eta irailaren 20ann 11:00etan Lekoiztik Santa Eufemirako bidea itxita egongo da». Horrez gain, Lea-Artibaiko herri guztietatik Gababus zerbitzua egongo da irailaren 18an. Tiketak salgai daude gababusa.eus webgunean. Bizkaibusez heltzeko, berriz, Lekeitiotik 21:35ean irtengo da azkenengo autobusa eta Gernika-Lumotik, aldiz, 21:00etan.
«Kultur batzordearen, Aulestiko Udalaren eta herriko elkarte guztien laguntzagaz» antolatu dituzte Aulestiko jai herrikoiak. Antolakuntzak adierazi duenez, ez dute laguntza eskatzeko beharrik izaten: «Herritar guztiak egoten dira prest jaien antolakuntza lanetan aritzeko, eta txanda guztiak goraino betetzen dira». Aulestiarrei eta inguruko herritarrei jaietan parte hartzeko deia egin diete, «jai herrikoi, euskaldun eta bereziez» goza dezaten.