Faboritoek ez dute hutsik egin
Jai Alai Leagueko Lauko Finaleko lehen finalerdiak jokatu dira Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan, eta sailkapeneko lehen bi bikoteek lortu dute finalerako txartela. Barandika-Basque eta Elaia-Arai bikoteek irailaren 28ko final handian izango dute hitzordua.
Jai Alai Leagueko Lauko Finalak baditu dagoeneko lehen finalistak. Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan jokatutako lehen finalerdietan faboritoek ez dute hutsik egin eta garaipena eskuratu dute. Gizonezkoetan, Barandika-Basque bikoteak 15-10 eta 15-7 hartu du mendean Johan-Manci; emakumezkoetan, berriz, Elaia-Arai bikoteak 15-7 eta 15-11 irabazi dio Lur-Oaia bikoteari.
Gizonezkoen finalerdian, Barandika eta Basque izan dira nagusi. Partidaren hasieran Johanek eta Mancik aurrea hartu badute ere, lehen jokoaren erdialdetik aurrera faboritoek kontrola hartu dute. Barandikak eta Basquek atzean kargatu dute jokoa, aurkariak arriskatzera behartuz. Estrategiak emaitza eman die eta 7-0eko partzial baten ondoren, 10-5 aurreratu dira. Johan eta Manci hiru tantura hurbildu badira ere, azken txanpan egindako hutsek lehen setaren garaipena Barandika-Basqueren esku utzi dute: 15-10.
Bigarren jokoan ere, partida parekatuta hasi da, baina Barandika-Basque pixkanaka nagusitzen joan dira. 10-6koan, norgehiagoka ia erabakita utzi dute eta, azken txanpan, bikote urdinak ez du erantzuteko aukerarik izan. Barandikak hainbat tanto ikusgarri egin ditu, horma-bikoak eta erreboteak baliatuz, eta Basquek eman dio amaiera partidari, eskuinez atzean gogor joz. Azken markagailua: 15-7.
Barandikaren nagusitasuna pilotakadetan ere islatu da: aurrelariak 100 pilotakada baino gehiago eman ditu, Johan Sorozabalek 60 pasatxo eman dituen bitartean. Bestalde, datorren astean jokatuko da bigarren finalerdia. Erkiaga eta Urreistik Gorka Sorozabal eta Unai Lekerikarekin osatutako bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Erkiagak eta Gorkak badakite zer den Jai Alai Leaguea irabaztea: 2022-23 denboraldian lortu zuten txapela.
Elaia eta Arai, finalean
Emakumezkoen finalerdian ere faboritoek lortu dute garaipena. Elaia Gogenola eta Arai Lejardi izan dira nagusi Lur Lejardi eta Oaia Otañoren aurka, 15-7 eta 15-11eko emaitzarekin. Lur Lejardiren arriskua neutralizatzea izan da Elaia eta Arairen estrategia nagusia. Horretarako, pilota atzera botatzea eta Oaia Otaño atzelariari jokoa kargatzea bilatu dute. Partida 1-4 galtzen hasi arren, moreek azkar eman diote buelta markagailuari eta 5-4 aurreratu dira. Hortik aurrera, kontrola hartu eta lehen seta 15-7 irabazi dute.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren jokoan lehia estuagoa izan da. Elaia eta Arai aurretik iritsi dira atsedenaldira, 8-5, baina Lurrek eta Oaiak erreakzionatu eta 8-7ra hurbiltzea lortu dute. Azken txanpan, ordea, moreek beste behin erakutsi dute nagusitasuna. Elaiak arriskatu eta 12-9koa egin du bi paretarekin, eta azken tantoetan ere ez dute aurkariaren erantzunik ahalbidetu. Lurrek 14-11koa egin badu ere, ondoren bi huts jarraian egin ditu eta partida 15-11 amaitu da.
Horrela, Elaia eta Arai irailaren 28ko final handian izango dira. Haien aurkaria datorren astean ezagutuko dute, Maite-Frida eta Ihart-Maia bikoteen arteko bigarren finalerdia jokatu ondoren.