Txomin Letamendiren heriotza judizialki aitortzeko epaiketa egingo dute
Urriaren 6an Donostian jarri dute hitzordua, eta akusaturik gabeko 'epaiketa' izango dela adierazi du GEBehatokiak. Horren bitartez, Txomin Letamendi, EAJko militante antifrankista, 1950ean torturaz hil zela berretsiko dute.
GEBehatokiak adierazi duenez, urriaren 6an, Txomin Letamendi Muruaren heriotzari buruzko aitorpen judiziala lortzeko epaiketa egingo dute. Donostian egingo dute akusaturik gabeko ‘epaiketa’ eta, prozesuaren helburua ez da delitugileen jazarpen penala izango, egitateen egia judiziala baizik.
Instrukzio epaileak Letamendiren ustezko torturatzaileak hiltzat jo baditu ere, egitateen ziurtagiri judiziala lortzeko modua izango da. Besteak beste, «jasandako torturaren eta espetxean laguntza ukatzearen» aitortza egitea, eta “biktima izatearen aitorpena epaitegi batek behin betiko berrestea” eskatzen dute. Behatorkiaren ustetan, “ez da nahikoa izango, baina, egia argitaratzeko egokia” izan daiteke epaia. Euskal erakundeek Letamendi errepresio frankistaren biktimatzat jo badute ere, urriaren 6ko prozedurak beste helburu bat duela adierazi du GEBehatokiak: epaile batek bere heriotzaren inguruko gertaerak formalki zehaztea eta salatutako urraketen berri judizialki ematea.
76 urte beteko dira aurten Ondarroako musikaria eta EAJko militante izandakoa hil zutenetik. 1950eko abenduaren 20an zendu zen, Donostian eta Bartzelonan errepresio frankistaren agenteek eragindako torturen ondorioz. Gainera, GEBehatokiak musikariak jasandakoak gogorarazi ditu: “Galdeketen osteko gainbehera fisiko eta psikikoak eta espetxeratzeak heriotzera eraman zuten”.