Ziortza-Bolibar denONA proiektuagaz aurrera jarraitzen du herriak
Herri irisgarriago baten bizitzeko helburuagaz, saio parte-hartzailea antolatu du udalak eguenerako [irailak 17]. 18:00etan batuko dira herritarrak udaletxeko Osoko Aretoan.
Ziortza-Bolibarko Udalak udalerriko espazio publikoen eraldaketa diseinatzeko plana abiarazi zuen joan den apirilean. Ziortza-Bolibar denONA izena jarri zioten proiektuari, herritarren parte hartzeagaz herri “irisgarriago, seguruago eta zaintzarako egokiago” bat eraikitzeko.
Herriaren egoerari buruzko galdetegi bat bete zuten herritarrek apirilean, eta hilabetearen amaieran udaletxeko pleno aretoan batu ziren ondorioak lantzeko. Bertan, herriguneko topaguneak, tabernak, ibilgailuen presentzia eta hauen abiadura, espaloien agokitasuna, autobus zerbitzua eta beste hainbat gai izan zituzten hizpide.
Oraingoan ere, herritarren parte-hartzea beharrezkoa izango da proiektuagaz jarraitu ahal izateko. Horretarako, Ziortza-Bolibarko Udalak saio kolektibo bat antolatu du eguenerako [irailak 17]. 12 urtetik gorako herritarrak 18:00etan batuko dira udaletxeko pleno aretoan, eta ardurak, proposamenak eta iritziak elkarbanatzeko tartea izango dute. Besteak beste, “zer dago ondo bideratuta?, zer hobetu behar da?, zein jarduketa lehenetsi behar dira?” izango dira mahaigaineratuko dituzten galderak. Aurrerago, udal langileekin bilerak egingo dituztela adierazi du Ziortza-Bolibarko Udalak.