'Baga ala ez ga?' antzezlana aurkeztuko dute Uhagon Kulturgunean
Nerea Gartziak eta Ainhoa Etxebarriak Markina-Xemeinen egingo dute komediazko antzerkiaren estrenaldia zapatuan, 19:00etan.
‘Hil da jainkosa’ antzerkiagaz eskualdeko aretoak bete ostean, Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak antzezlan berri bategaz datoz. Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean egingo dute ‘Baga ala ez ga?’ antzezlanaren estrenaldia, zapatuan, 19:00etan. Umore zorrotzez osatutako komedia basati honegaz, barre algara artean hausnarketa egitera bultzatuko dituzte ikusleak: “Zenbat gara benetan geu, eta zenbat besteek gugandik espero dutena?”.
Barrez betetako arratsalde baten lekuko izateko 7 euro ordaindu beharko dira. Bazkideek, aldiz, 5 euroren truke lortu ahal izango dute euren sarrera.
Lehenengo geldialdia Markina-Xemeinen egingo badute ere, bikoteak hurrengo data batzuk aurreratu ditu:
- Urriak 2: Abadiño.
- Azaroak 25, Ziortza-Bolibar.
- Abenduak 13: Mendexa.
- Urtarrilak 24: Munitibar.
'Baga ala ez ga?'
Txominen eta Lararen ezkontza zibila ospatzear dago. Baina senargaia ez da agertzen, eta ospakizunaren dekorazioa erabat aldatu du norbaitek. Nork? Miren Jonek, Txominen amak.
Bere semearen ezkontza “pixka bat zuzentzeko” asmoz, Miren Jonek ekitaldia bere gustura moldatu du: patrozinatzaile faltsuak, ikur politikoak, irudi erlijiosoak eta ezkontzaren inguruko bere ideia tradizionalak inposatuz. Lara iristen denean, ordea, bere amesgaiztorik handiena aurkituko du: bere ezkontza ez dela jada berak antolatu zuena.
Senargaia agertu arte itxaron beharrean, bi emakumeak aurrez aurre geratuko dira. Bata, ama kontserbadore, manipulatzaile eta itxuraz adeitsua; bestea, askea, independentea eta pazientzia galtzeko zorian dagoena. Ezkontzaren atzerapenak aurrera egin ahala, familiaren, tradizioaren, amatasunaren, identitatearen eta maitasunaren inguruko zauri, beldur eta kontraesan guztiak azaleratuko dira.
Umore zorrotzaren eta egoera absurdoen bidez, “Baga ala ez ga?” antzezlanak galdera bera egiten die pertsonaiei eta ikusleei: zenbat gara benetan geu, eta zenbat besteek gugandik espero dutena?
Komedia basatia, samurra eta oso gertukoa, bi emakumeren arteko borroka dibertigarri bezain gizatiarra.