Ispasterko mendi martxak XIII. edizioa dakar domekan
Dagoeneko 240 lagunek eman dute izena eta eguraldi ona iragarrita Ispasterko Udalak beste horrenbeste bertaratzea espero du.
Ispasterko mendi martxa bueltan da domeka honetan. Aurtengoa hamairugarren edizioa izango da eta Ispasterko Udalaren eskutik ibilbide aukera desberdinekin dator urte honetan ere.
Oinezkoentzako ibilbide luzeak ohiko luzera izango du 23 kilometro-rekin eta goiztiarrenak izango dira irteera puntutik hasten, 8:30etan. Ibilbide luzeena BTT modalitateak 33 kilometro izango ditu eta 9:30etan hasiko dute ibilbidea. Irteera puntutik irteten azkenak ibilbide laburra aukeratzen dutenak izango dira, Hauek 10:00etan hasiko dira eta 12,5 kilometro beteko dituzte
Ibilbide desberdinak egin arren, helmugan parte hartzaile guztientzako jana eta edana izango da, indarrak berreskuratu eta martxa giro ederrean amaitzeko. Eskumuturrekoa entregatu eta pintxo bat eta edari bat jasoko dute guztiek.
Izena emateko bi modu jarri zituzten aukeran eta irailaren 14an online izen-ematea itxi bazen ere, oraindik badago aukera bertan egunean inskribatzeko. Baldintza bakarra irteera baino 30 minutu arinago bertaratzea da. 14 urtetik gorakoek 17 euro ordainduko dute eta 14 urtera artekoek 12 euro.
Jana eta edanaz gain, parte-hartzaileek, urtero moduan, opari bat jasoko dute. Opari hori ere ibilbidea eskumuturrekoa entregatu ondoren jasoko dute eta izen-ematea egindako moduaren araberakoa izango da. Online inskribatutakoek kamiseta bat bereganatuko dute eta egunean bertan izena emandakoek berriz opari bat.
Oraingoz 240 lagun inguruk eman dute izena eta Udalak jendea data hurbildu ahala eguraldiaren arabera apuntatzen dela ikusi izan du: “Domekan eguraldi ona dago iragarrita eta espero dugu beste horrenbeste ea etortzen den.”
Aurten, gainera, mendi martxaren data aldatu egin dute, orain arte irailaren bigarren asteburuan egiten zen eta Nekazal Azoka hirugarrenean. Udalak aldatzeko erabakia hartu du arrazoi desberdinengatik: “Esaterako Isuntza estropadetan Kontxara heldu izanak eragina du eta Lekeitioko jaietatik ere oso hurbil geratzen zen asteburua. Datorren urterako ere horrela utziko dugu prestatzeko ere denbora gehiago edukitzeko”.