Lea Naturbideko XIII. Martxa egingo dute
Urriaren 4rako antolatu dute ibilbide historikoa, eta irailaren 27ra arte egongo da izena emateko aukera.
Lea ibaiaren ertzetik eta lagun artean egindo dute urriaren 4an Lea naturbideko 13. martxa. Ibiltarien gozamenerako prestatutako ibilbide naturala da, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa zeharkatuz, Munitibar eta Lekeitio batzen dituena. Joan den apirilean Lea Ibarreko Mankomunazgoak ibilbidearen eraberritze lanak amaitu zituen, hala, ibarreko ingurune naturalaz gozatzeko aukera aparta izango da irteera.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak abiatutako ibilbideak bi irteera ordu izango ditu. Alde batetik, ibilbide luzea 08:15ean irtengo da Mendexako muturretik (Marierrota). Ibilbide laburra egingo duten ibiltariak, aldiz, 10:30ean abiatuko dira Aulestiko Errekondo parketik. Martxa luzea egiteko asmoa dutenek 20,5 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, Mendexan hasi eta Munitibarren amaitzeko. Laburra egingo dutenek Aulestin hasiko dute ibilbidea, eta 7 kilometro ibili ostean, Munitibarren amaitu. Desnibelari dagokionez, 300 metrokoa izango da ibilbide luzean.
Antolakuntzak kantinplora edo botila ekartzea gomendatu du, ibilbidean dauden iturrietan ura bete ahal izateko. Ibilbideak bi hornidura puntu izango ditu; Gizaburuagako Errotazar lasaigunean lehena, eta Aulestiko parkean bigarrena. Amaitutakoan izena aurrez eman dutenentzat kopaua egongo da Bengolako parkean. Ostean, partaideen artean zozketa egingo dute, eta irabazleak 100 euroko balioa duen bazkari bat irabaziko du Lea Ibarreko jatetxe batean.
Izen-ematea. Irailaren 27a izango da izena emateko azken eguna. Horretarako, leakomartxa@hotmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da, izen-abizenak emanez, zenbat umek eta zenbat nagusik parte hartuko duten jakinaraziz eta ibilbide laburra edo luzea egingo den adieraziz. Martxari buruzko zalantzarik izatekotan, 94- 684 29 82 telefono zenbakia ahalbidetu die herritarrei.