Ondarru-Lekitto lasterketa hamargarren aldiz jokatuko da
Iaz 300 partaideko langara iritsita, aurtengo erronka 350era iristea izan da eta kopurua bete egin dute.
Bihar [irailak 19] hamargarren Ondarru-Lekitto lasterketa jokatuko da eta beste behin aurreikuspen guztiak gaindituta helduko dira egun handira. Tximista Atletismo taldeak antolatzen duen lasterketa arratsaldeko 5etan hasiko da Ondarroako Itsas Aurre Plazatik eta korrikalariek 16 kilometroko ibilbidea egingo dute kostaldeko bidetik Lekeitioko Independentzia Enparantzara arte.
Antolatzaileek aurten ere espektatiba guztiak beteta helduko dira lasterketara. Izan ere, aurreko edizioetan partaide kopurua aldatu izan dute lasterketan iaz 300 partaidera iristea lortu zuten eta aurten erronka berri bat ezarri dute aurtengo ediziorako, 350 partaidera iristea. Eta hala gertatu da, bihar 350 korrikalarik parte hartuko dute lasterketan.
Generoen zenbakiei dagokionez proportzioan ez dago aldaketa handirik, azkenengo edizioan 233 gizonezko eta 67 emakumezko izan ziren eta aurten 279 gizonezko eta 71 emakumezko. Eskualdeko datuen kasuan, 350 partaidetik 152 dira bertokoak.
Antolatzaileek esan digutenez, izen ezagunak ere bueltan izango dira, berriz ere lasterketa irabazteko aukerekin: “Iazko irabazleak gizonezkoetan Javier Menta Martinezek eta emakumezkoetan Amagoia Iribar Mancisidorrek aurten ere konfirmatu dute beraien parte hartzea”.
Ibilbidea Itsas Aurre enparantzan hasiko da eta kilometro pare bat eginda herri barrutik pasatu ondoren kostako bidea hartuko du lasterketak, Berriatua eta Mendexatik pasatuz. Lekeitiora heltzean, kilometro eta erdi egingo dituzte helmuga egongo den Independentzia Plazaraino. Ibilbidean zehar bi likido hornidura puntu izango dituzte korrikalariek bostgarren eta hamargarren kilometroetan.
Irabazleen sariak ez dira aldatuko eta emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako izango dira. Sailkapen nagusikoentzako 250 euro, 150 euro, 75 euro eta garaikurra emango zaizkie txapelarekin eta loreekin batera. Lea-Artibaiko korrikalarien artean irabazleek 75 euro, 50, euro, 25 euro eta garaikurrak jasoko dituzte. Eskualdeko herri berdineko lehenengo 4 emakumezkoek eta 4 gizonezkoek euren artean banatzeko 200 euro izango dituzte saritzat.
Denera gutxi gora behera 100 bolondresetik gora arituko dira lanean lasterketaren antolamenduan, eta antolatzaileek gozatzeko eguna dela jakinarazi nahi die herritar guztiei: “Tximista taldeak hilabeteak daramatza lasterketa ‘kariño’ askorekin prestatzen, eskualdeko bi herri batzen duen kirol ekitaldi polita da, eta jai giroan nahiko genuke ospatu”.