Javi Zabala: "Lekeitiok beti eduki du lotura ona musika eta musikariekin"
Elkartea 2011n sortu bazen ere, txistulariek 50 urte baino gehiagoko ibilbidea daukate herrian. Javi Zabalak garai guztiak bizi izan ditu txistulari bezala.
Javi Zabala, zuzendari lanetanLekeitioko Udala Itxaropena Txistulari Elkarteak 50. kontzertua jo zuen Lekeitioko jaien atarian, abuztuaren 29an. Beti egiten zuten irailaren 3an, baina azken urteetan beroa dela eta eguna aldatzea erabaki zuten. Kontzertuaren baitan, ondoren ere kontzertuak egon ziren, Steady Rockets eta Zauriak talde lekeitiarra. Jaietako kontzertua egun berezia izaten da berez, baina are bereziago izan behar du 50. egitea. Urte eta bizipen asko dira, eta elkartearen gorabeherak barrutik ezagutu izan ditu Javi Zabala zuzendariak.
Kontzertua elkartearen 50. urteurrenaren baitan egin zenuten, ezta?
Bai. Lekeitioko Itxaropena taldea Miguel Arrieta eta Mari Carmen Reirizek sortu zuten. Miguel, lehengo bandako (Lekeitioko Musika Banda) zuzendaria zena, hona Lekeitiora etorri zen. Beste zuzendari baten ordez hasi zen musika erakusten. Txistulari talde bat sortu zuen, Itxaropena Txistulariak deitutakoa. Itxaropena zen baita ere inauterietan ateratzen zen talde bat, haiek ere umeak. Umeen talde guztiak ziren Itxaropena. Guk dakigunez, lehenengoko kontzertua 1976an egin zen. Guk pentsatzen dugu arinago sortuta zegoela taldea, baina lehenengo kontzertua 76an izan zen. Aurtengoa 51.a izan beharko litzateke, baina konfinamenduan ez zen kontzerturik egon, eta horregatik da aurten berrogeita hamargarrena.
50 urtean txistulari taldeak atzera-aurrerak izango zituen… Eta emanaldi pila bat tartean.
Orain agian lehen baino gehiago. Lehen kalejiretan, egun seinalatuetan, San Inazio eguna, San Joan egunean, San Pedro egunean… horretan egunetan jotzen zen, eta gero, hauxe, udako kontzertua, zen guretzako egunik handiena. Lehenengotan kontzertuak txistuekin bakarrik ziren. Gero, 2000. urtea baino pixka bat lehenago hasi ginen txistuari kantu papera sartzen, abestiak. Gitarra jotzen eta abesten zuten Estudiantinako kide batzuk etortzen ziren laguntzera. Orduan, gero eta instrumental gehiago sartzen hasi ginen. Eta beranduago oraintxe dugun formatuagaz hasi ginen. Orain txistuak eta metal boskotea daude. Horiek bandatik etorritako batzuk dira, musikatik bizi direnak eta lagunak. Aurten Mutrikuko Madalen Abesbatza ere sartu dugu, hamabost lagun eta baita dantzariak ere. Gaur egun jada ez da txistu kontzertua, orain gehiago da.
Javi Zabala: “Lehen kontzertuak txistuekin bakarrik ziren. Orain, ez da txistu kontzertua, gehiago da”.
Zuk ze desberdintasun ikusten dizkiozu lehenengo kontzertuari eta azkenengoari?
Aurtengoan dantzari, txistulari, koru… denon artean 75 lagun egon gara. Baina garai hartan ume gehiago zeuden musika ikasten. Gaur egun eskolaz kanpoko eskola pila bat dituzte. Baina orduan, korua, musika edo ingelesa zeuden. Musikari asko zegoen, kontzertu hartan 50 lagun txistulari hutsak egongo ziren. Imajinatzen dut orduan jaietan ekintza gutxiago egoten zirela, eta ekitaldi bat betetzea errazagoa izango zen. 76an zenbat ekitaldi egongo ziren? Horixe, sokamuturra, erraldoiak eta antzarrak. Kontzertuak garrantzi handiagoa hartuko zuen. Gaur egunean hainbeste gauza daude, eta gu ez gara jende gaztearengana heltzen, gure publikoa jende nagusia da. Horregatik txistua ikasten dauden 8-10 urte bitarteko gaztetxoak eraman ditugu oholtzara, ume gazteek euren lagunak txistua zelan jotzen duten ikus dezaten. Azkenean txistua ez da ikasi eta gero ezertarako ez den zerbait. Ikusi dezatela zertarako den txistua.
Itxaropenak herriagaz lotura estua eta zuzena eduki du beti. Zelan ikusi izan duzu lotura hori?
Hortik ezin gara kexatu, bai herriagaz eta bai udalagaz lotura ona izan da. Musika aldetik Lekeitiok beti izan du lotura ona; hau da, herriak musikariekin. Bandagaz oraintxe zulotxo bat eduki dugu, baina berriro martxan hasteko da. Udalak lokal bat uzten digu, bertan entseatzen dugu bariku guztietan, eta kalejira guztiak egiten ditugu udalagaz. Eta gero, dantzariekin aritzen gara; Lekeition, Markina-Xemeinen…, Aulestik ere dantza taldea dauka, aurten Munitibarrek ere dantza talde bat atera du, eta dantza talde horientzat txistua jotzen joatea da gure ekarpena.
Pertsonalki, zuk zenbat urte daramatzazu Itxaropenan?
Nik 76an jada txistua jotzen nuen, baina kontzertuan ez nago. 7 urtegaz hasi nitzen txistua jotzen, gero 14 urtegaz bandan hasi nintzen, hortik 30 urtera arte edo. Gero ezkondu eta utzi egin nuen pixkat, baina txistua jotzen segitzen nuen. Lekeition bazegoen banda eta baita txistularien banda ere, udal txistulari banda. Serioagoa, Kaxarranka udal txistulariekin egiten zen, baita ekintza ofizialak ere. Lau ginen beti, eta bandako txistularia izatea moduan zen. Eta beranduago, 2011n, urte horren bueltan jubilatu egin zen Miguel bandako zuzendaria. Hor Lekeitioko Itxaropena Txistulari Elkartea sortu genuen, eta ni ipini nintzen zuzendari modura.
Javi Zabala: “Txistuak badu etorkizuna. Kostatu egiten da, ze gauzak ateratzeko gu ere gero eta zorrotzagoak gara”.
Zenbat zabiltzate elkartean?
Elkartean izan gehiago gara. Konfinamenduan kide kopurua jaitsi egin zen, eta gabiltzan asko jubilatuak gara, gazteak baditugu, baina gutxi dira. 50 urte ingurukoak daude batzuk, nik 59 ditut. Uda partean izaten gara gehien, 20-25 inguru. Eta gero horrelako kontzertu baterako 33 txistulari batu izan gara. Inoiz egon gara gehiago. Normalean beste leku batzuetan deialdia egiten dute nahi duenak izena eman eta parte hartzeko, baina gure kasuan guk prestatzen dugu dena, eta gero bati edo biri botatzen diegu gonbidapena. Uztail erdia eta abuztua entseatzen egoten gara, eta kostatu egiten da.
Zelan ikusten duzu Itxaropenaren etorkizuna hemendik aurrera?
Aurten Lekeitioko Musika Eskolari esker, etorkizuna aberats dago. Uste dut hamar kide daudela txistua ikasten, eta banaka-banaka badator. Gaztetxoak etortzea zaila izango da, agian nagusitzen direnean etorriko dira, baina momentu honetan Ekain Txakartegi daukagu, gugaz hasi zen orain dela urte pila bat. Gaur da eguna ez duena ekitaldi bat bera ere huts egiten. Bere ilusioa txistua jotzen aritzea da. Miresmen handia diogu. Nagusiagoak ere badaude ikasten, lehen akordeoia jotzen zutenak eta orain txistua ikasten hasi direnak. Aurten, adibidez, bi neska etorri dira, iaz Musika Eskolan hasi ziren eta, orain, geugaz aritzen dira.
Etorkizuna dago.
Bai, Lekeitiok badauka etorkizuna. Kostatu egiten da, ze gauzak ateratzeko gu ere gero eta zorrotzagoak gara. Kontzertu modelo bat egiten dugu, eta hurrengoan hura baino gehiago egin nahi dugu.