Mikel Arrasatek eta Amagoia Iribarrek irabazi dute Ondarru-Lekitto
Idurre Larrañaga ondarrutarra eta Mikel Arrasate lekeitiarra izan dira Lea-Artibaiko lehenak. Emakumezko eta gizonezko taldekako sariak Lekeition gelditu dira.
Ondarru-Lekeitio lasterketako irabazleak. Eskualdeko herrien arteko mugak lausotzen dituen lasterketak ehundaka korrikalari batu ditu gaurkoan. Ondarroatik hasi eta Lekeitiora arte, irribarrez, elkartasunez eta albokoa atzean utzi barik gainditu dute kostako bideak urtero jartzen duen erronka. Berezia izan ohi da Ondarru-Lekitto lasterketa, eta izate horrek egiten du bereziago egun honetan sortzen den giro ederra. 350 korrikalarik izena eman badute ere, 304 izan dira, azkenean, Lekeitioko helmuga gurutzatu dutenak. Itsasaurretik 17:00etan irten dira korrikalariak Lekeitiorainoko bidea egiteko asmoz, eta eguraldiak asko lagundu die gaur korrika egitera animatu direnei izan ere, eguzkiak lasterketa argitu du hasieratik amaierara arte.
Mikel Arrasate Larreak ikuskizun ikaragarria eman du gaur kostako lasterketan. “Lasterketa gogorra” izan dela aitortu du lekeitiarrak, hala ere, alde handiagaz heldu da Karraspiora. Armandarri triatloi taldeko kideak 48 minutu eta 59 segundu behar izan ditu helmugara iristeko. Atzetik zetorren Younnes Assehli izan da bigarrena bi herriak banatzen dituen 16 kilometroak 00.49,57ko denboran eginda. Iazko irabazlea hirugarrena izan da aurten; Javier Menta andoaindarrak 50 minutu eta 22 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko.

Mikel Arrasate Lekeitioko helmuga gurutzatu duen unean.
Emakumezkoetan, Amagoia Iribar oriotarra izan da lehena eginbeharrekoak 01.02,29ko denboran burututa. Txalo artean gurutzatu du helmuga, eta harrera bera izan du atzetik alde txikiagaz zetorren Irati Larrañagak. Usurbildarrak 01:02,54ko markagaz amaitu du kostako lasterketa. Hirugarrena Galdakaotik etorri da; Jone Fuentek 01.03,07ko denboragaz jaso ditu helmugan zeuden herritarrek txaloak.
Eskuadeko kirolarien abiadura eta erresistentzia agerian geratu da gaur egindako erakustaldian. Mikel Arrasatek jaso du eskualdeko gizon arinenaren saria. Eskualdeko bigarren arinena Antton Belaustegi lekeitiarra izan da, 00.53,52ko denboragaz. Hirugarrena, eta lekeitiarren nagusitasuna berretsi duena Aner Larreategi izan da, 00.54,29ko markagaz. Lekeitiarren indarra argi geratu bada ere, Ondarroa ordezkatzera etorri da Idurre Larrañaga, izan ere, bera izan da eskualdeko emakumerik arinena (01.07,17). Lekeitiora buelta eginda, bigarren saria Alaitz Kortabitartek jaso du (01.09,41), eta hirugarrena, Amaia Uskolak (1.10,15).
Sari banaketan taldekako sariak banatzeko tartea ere iritsi da. Emakumezkoetan zein gizonetan, lekeitiarrek osatu dituzte talde irabazleak: Alaitz Kortabitartek, Amaia Uskolak, Leire Etxebarriak, Maite Astorekak, Mikel Arrasatek, Antton Belaustegik, Aner Larreategik eta Alejandro Astaburuagak bete dute kioskoa, eskualdean korrikalari handiak daudela argi utziz.

Taldekako sariak Lekeition geratu dira.