Udaleku irekiak oso positiboak izan dira Lea-Artibai Mankomunitatearen hitzetan
Apnabik eta Aspace Bizkaiak ere balorazio oso positiboa egin diote programari. Mankomunitateak halako baliabideak eskaintzen jarraitzea beharrezkotzat du.
Lea-Artibai Mankomunitateak aurtengo udaleku irekien balorazioa argitaratu du, udan abuztuaren 17tik 21era bitartean Lekeitioko BHI Institutuan burutu ziren Apnabi eta Aspace Bizkaia-rekin lankidetzan. Aurtengo programan hamar parte hartzaile eta zazpi begirale aritu dira eta balorazioa “oso positiboa” izan da bai mankomunitatearen aldetik eta baita familia eta elkarteen aldetik ere. Mankomunitateak ekimenaren helburua zehaztu du: “Eskualdeko dibertsitate funtzionala duten haur, nerabe eta gazteei aisialdi eta zaintza-baliabide gertukoak eskaintzea, familiei laguntzearekin batera”.
Udalekuen helburu nagusiak bete direla adierazi du mankomunitateak eta eskualdean udalekuak bezalako baliabideak eskaintzen jarraitzea beharrezkoa dela ikusi dute izandako esperientziaren ondoren. Hala, hobekuntzak ere aurreikusten dituzte hurrengo urteetarako. Helburuetako bi parte hartzea handitzea eta jarduera egokituen eskaintza mantentzea izango dira eta eguneko udalekuei gaueko egonaldiak gehitzea ere aztertuko dute.
Apnabi elkarteak adierazi du udan programa hau bezalako baliabide hurbil bat izateak lana eta familia bateragarriak izatea errazago egiten duela eta parte hartzaileen aisialdirako ingurune seguru eta egokitua ahalbidetzen duela. Programan gehien nabarmendu dutena “hondartzako eta igerilekuko jarduerak eta hurrengo eguneko plangintza aldez aurretik jasotzeko aukera” izan da. Ez dute aipatu gabe utzi nahi izan jasotako harrera eta tratua ere: “Profesionalen jarrera, komunikazioa eta koordinazioa baloratu ditu, eta bereziki langileen prestutasuna eta antolaketa-laguntza eskertu ditu”.
Aspace Bizkaia-k bere partetik parte hartzaileen egunerokotasuna erraztu duten faktoreak nabarmendu ditu: espazioen irisgarritasuna, elikaduraren kalitatea eta parte-hartzaileen behar bereziei emandako arreta. “Garraio-zerbitzuaren puntualtasuna eta arreta ere positiboki baloratu ditu, eta egungo ordutegiak mantentzea proposatu du.”
Udalekuak egin diren kokalekuarekin bi elkarteak oso gustora agertu dira: “Lekeitioko inguruneak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu dituzte: hondartza, igerilekua, parkeak eta bestelako herri-espazioak”.
Eskerrak eman
Jasotako balorazioaren ondotik, Lea-Artibai Mankomunitateak eta Lea Ibarrako Mankomunazgoak programaren garapenean egindako ekarpenagatik eta egindako balorazioagatik bi elkarteak eskertu nahi izan ditu. Baina baita ere, udalekuen antolamenduan ibili diren Lekeitioko BHI Institutuko zuzendaritzari, hondartzako lanetan ibilitako begiraleei eta Bizkaiko Foru Aldundiari “eskerrik beroenak” eman nahi izan dizkie “proiektua gauzatzeko emandako babesagatik”.
Geroari begira
Programarekin lortutakoak udalekuak egiten jarraitzeko beharra dagoela ikusiarazi dio mankomunitateari: “Udaleku irekien esperientziak erakusten du eskualdean bertan dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteen beharrei erantzuteko baliabide gertukoak eta egokituak eskaintzen jarraitzeko beharra dagoela”.