72 postuk beteko dute Urriko Azoka Nagusia
42. aldiz ospatuko dute Lea-Artibaiko produktuak, ekoizleak, abeltzainak eta gastronomia giro ezin hobean batzen dituen azoka. Urriaren 10ean izango dute Markina-Xemeindarrek eta inguruko herritarrek bertako produktuak erosteko aukera.
Mendexan batu dira Urriko Azokan parte hartu duten ordezkariak. Baserritarren eta herritarren elkargune izango da Markina-Xemein beste urte batez. Lea-Artibaiko 42. Urriko Azoka Nagusia urteko hitzordurik berezienetako bat izan da urtez urte, izan ere, azokak aberez, elikagaiez, baserriko tresnaz eta erakustaldiz beteko ditu Plazabarripea eta zelaia urriaren 10ean. Lea-Artibaiko produktuen, ekoizleen, abeltzainen eta gastronomiaren erakusleiho paregabea da, eta horren adierazle izango dira parte hartzera datozen 72 postuak. Hala, baserritarrek eta herritarrek giro atseginean gozatzeko gune bihurtuko da.
Mendexako Udalak hartu du gaur [irailak 24] Lea-Artibaiko Urriko Azokaren urteroko aurkezpena, eta bertan batu dira eskualdeko herrietako udal ordezkariak. Arantxa Atutxa Lejarreta foru diputatuak hartu du hitza aurrena, eta aitortza egin nahi izan die urtero Urriko Azoka bezalako egunak antolatzearen garrantziari. “Euskal Herria lurretik datorren eta baserritik jaio den gizartea” dela adierazi du, batez ere, herri txikien garrantzia goraipatuz. “Lehen sektorearen garrantzia” azpimarratu du Mari Jose Uriarte Mendexako alkateak. “Kalitatezko produktuen salmenta zuzenerako aukera” ematen duen azoka dela gogorarazi du, lehen sektorea, bizitza eta osasuna lehen lerrora ekartzen dituena. Hala, eskualdeko eta inguruetako herritarrei azokara bertaratzeko deia egin die.
Eskualdeko baserrietako hainbat produktu zuzenean erosteko aukera egongo da bertan egongo diren 34 ekoizleren eskutik: barazkiak, frutak, gazta, eztia, baserriko ogia eat gozoak, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, ardoa, txakolina eta barazki kontserbak, besteren artean.Urterokoari jarraituz, Lea-Artibaiko Abereen eta Euskal Herriko hainbat arrazatako abereak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Behiak eta idiak, zaldiak, pottokak, astoak, ardiak, txakurrak eta hegaztiak izango dira bertan. Aurten, bi urtean behin egiten den bezala, Lea-Artibaiko animalien lehiaketa ikusteko aukera egongo da. Argitu dutenez, lehiaketan hainbat behi arraza, zaldiak, ardi latxa eta sasi ardiak izango dira.
Azokaren hainbat gunetan artisau-produktuak eta baserriko tresnak ere egongo dira ikusgai eta salgai. Larrua, egurra, bitxiak, saskigintzako lanak, zapatagintza, arropak, kosmetika, ilustrazioak, enkuadernazioak eta lorak euren postuen erdigunean jarriko dituzte zenbait artisauk. Gainera, azkokagaz bat gingo duen Izarbidean elkartearen laguntza ere azpimarratu dute.
Goizean zabalduko dute azoka, eta hortik gutxira ekingo dio lanari Lea-Artibaiko animalien lehiaketako epaimahaiak. Ordu berean hasiko da martxan ortuari eta frutadun postuen lehiaketako epaimahaia. Lanabesetan interesa dutenentzat, baserriko tesna zaharren erakusketa hartuko du Plazabarripeak, eta erakusketekin jarraituz, ardi ile moztaileek euren lana erakutsiko dute herritarren aurrean. Eguerdi partean Tarine udal musika eskolak kaleak hartuko ditu; azoka, jai eta ospakizunean egin ohi duten bezala, trikitixa soinuz beteko dute azoka inguratzen duten txoko guztietan. Eguerdiagaz batera hasiko da bertso saioa, hala, bertso zaleek ere izango dute azokara bertaratzeko arrazoiren bat edo beste. Txikienek ere izango dute euren tamainara egokitutako ekimena: familientzako herri kirol partehartzaileak egongo dira, denek parte hartzeko tokia izango badute ere, etxeko txikienei zuzenduta daudenak.
Goizean hasitakoa eguerdian amaituko dute, izan ere, Lea-Artibaiko animalien lehiaketan parte hartu duten jabeei sariak banatuko dizkie. Ortuari eta fruta posturik onenak ere saria jasoko du. Aurten hiru sari banatuko direla aureratu dute: eskualdeko fruta eta ortuari mahairik onenaren lehen saridunak 200 euro jasoko ditu; bigarrenak, aldiz, 150 euro. Gainera, merezimenduaren aipamena ere egingo dute aurten. Hamen Bertokoa otzarak ere irabazlea izango du, eta jaiaren amaieran egingo dute erosleen artean.
Aitortza berezi bat. Lehen sektoreko emakumeengan jarri nahi izan du begirada azokak. Urriaren 15a Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela kontutan izanik, Nor dago honen atzean erakusketa ikusteko aukera ederra izango da Plazabarripean. “Emakume nekazarien aitortza profesionala eta estimazio soziala sustatu” nahi dituzte erakusketa honegaz: “Lea-Artibai eskualdeko emakumeak buru dituzten bederatzi nekazaritza-ustiategi-baserriak ikusgai daude”. Erakusketaren bitartez, “emakumeak landa-eremuan duten zeregin aktiboa aintzatetsi, identifikazio soziala sustatu eta emakume nekazarien profilen aniztasuna ikusaraziko” dituzte.
Aitortzekin jarraituz, Lea-Artibai Landa garapenerako Alkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie azokaren antolakuntza aurrera eramaten lagundu duten eragileei, Markina-Xemeingo eta Etxebarriako Udaletako brigada eta udaltzainei eta herriko boluntarioei, “bereziri azokaren egunean egiten duten lanagatik”. Gainera, Markina-Xemein, Etxebarria, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mallabiako udalei eskerrak eman dizkie euren laguntzagatik.