Abarka taldeak 'Si vis pacem para bellum' antzeztuko du Arretxinagako jaietan
Zapatu honetan 18:00etan izango dute emanaldia Arretxinagako zubian eta hurrengo barikuan errepikapena egingo dute leku berean eta ordu berean.
Arretxinagako jaien egitarauak eskaintza zabala izango du, baina herriko Abarka antzerki taldearentzat berezia izango den zita bat egongo da zapatuan [irailak 26] arratsaldeko 6etan. Izan ere, Si Vis Pacem Para Bellum antzezlanaren emankizuna izango dute Arretxinagako zubian. Zapatu honetan ez ezik, datorren barikuan [urriak 2] bigarren emanaldia egingo dute.
Antzezlan hau joan den ekainaren 28an aurkeztu zuten lehendabizikoz Arretxinagako zubian eta euripean, eta oraingo honetan eguraldiak laguntzea espero dute. Ander Lipus aktore eta Abarka taldeko kideak azaldu duenez, antzezlan hau modu kurioso batean sortu zen. Markina-Xemeinen antzokirik ez dagoenez, Lipusek Bekobentako eliza antzeztoki bihurtzeko asmoa zuen, baina espazioak baldintza kaskarrak zituela ikusi zuten: “espazioan ez zegoen argirik, soinua oso txarra zen, ez zen entzuten eta oihartzun handia zegoen, eta ez zen leku aproposena”.
Eliza antzeztoki bezala baztertu bazuten ere, elizatik mojen istorio bat sortu zen eta antzezlan forma hartu zuen: “Abarka taldean aktore gehienak neskak izanda, mojen ideia hor zegoen. Elizatik botatzen zituztela pentsatu genuen eta beste leku baten elkartzen zirela “manifa” bat egiteko eta euren eskubideei buruz, orain hain modan dagoen etxe desjabetzeen istorioari buruz izatea. eta hortik abiatu ginen”.
Duela bi urte edo egin genuen Autokarabanie izeneko antzezlana Arretxinagako zubipean egin zuten, eta antzeztoki ederra zelan ikusi zuten, “lekua ederra da, publikoak ere badauka halako anfiteatro moduko bat” eta antzezlan berri hau leku berdinean egitea pentsatu zuten. Bi urte daramatzate istorio honekin lanean, Xemein Larrinaga izan dute gidoi lanetan.
Jada 20 urte dira Abarka antzerki taldea herrian antzerkia egiten dabilela eta neretzat, aktore eta antzerki mundutik datorren batentzat, norbere herrian halako talde bat edukitzea polita da.
Ekainean aurkeztu zutenean, euri azpian egin bazuten ere, bizigarri bat izan zen aktoreentzako: “Garrantzitsua da antzerkia egiten ari diren horiek sentsazio positiboak eta baikorrak izatea, nahiz eta euria egin zuen, pizgarri izan zen eurentzat. Bi urteko lanaren ondoren bertan behera uztea emanaldia, nik uste dut hori gogorragoa izango zela eta penatuago geldituko ginela. Egiteak beste pultsu bat eman zigun eta taldearentzat ere erabatekoa izan zen”. Publikoa goitik behera bustita antzezlana amaitu arte ikusten gelditzea taldearentzako esperientzia ederra izan zen.
Zapatuko antzezlana ekainean aurkeztutako bera izango da, hamar aktore eta hamar pertsonaiarekin. Orain azken entsegutan ari dira, eguazten iluntzean entsegu bat izan zuten eta gaur azken entsegu orokorra egingo dute, Iban Medizabal herriko laguna izango dute musikarekin eta kontu teknikoekin laguntzen eta Garazi Etxaburu koreografikarekin laguntzen.
Antzezlanaren aurkezpenari, antzerki taldearen hogeigarren urteurrena gehitu behar zaio eta momentu politean daudela adierazi du Lipusek: “Talde polita sortu dugu, jada 20 urte dira Abarka antzerki taldea herrian antzerkia egiten dabilela eta neretzat, aktore eta antzerki mundutik datorren batentzat, norbere herrian halako talde bat edukitzea polita da eta horretan dihardugu”. Abarkak beste proiektu batzuk ere bideratzen ditu herrian, Lipusen hitzetan oso garrantzitsuak eta ezinbestekoak direnak eta herria bizirik mantentzen dutenak.

Taldearen ibilbidea eta esperientzia aprobetxatuta, antzezlan honekin beste leku batzuetara joatea eztabaidatzen ere ari dira, baina ez da hain erraza: “Zaila da, izan ere, oso pentsatua dago espazio horretara. Antzoki batera eramanda pixkat galdu egingo luke, baina agian beste zerbait irabaziko du”.
Oraingoz zapatu honetan eta datorren barikuan Arretxinagako zubian egingo dituzten emanaldietara jendea hurbiltzea eta zubipea betetzea espero dute: “Aprobetxatuz Arretxinagako jaiak direla eta giro ona egoten dala, espero dugu jendeak gozatzea eta ematen du eguraldi ona egingo duela eta horrekin aprobetxatu”.