Euskal Zine Bilerak Herri Epaimahaia sortu nahi du
Zinema adituak ez diren herritarrak jaialdia beste ikuspuntu batetik bizitzera gonbidatu nahi dituzte. Parte hartu nahi dutenek urriaren 1a aurretik eman behar dute izena.
49. Euskal Zine Bilerak nobedade bat dakar eskuartean. Jaialdian lehenengo aldiz, Herri Epaimahai bat osatuko dute Zine Bilera beste modu eta ikuspuntu batetik bizinahi dutenentzako: “Aurten belaunaldi desberdinetako herritarrei zinema gertutik ezagutzeko eta bizitzeko aukera eskaintzeko asmoz Herri Epaimahaiaren proiektua martxan jarri dugu”.
EZBrako lan taldeko kide den Irati Seijoren hitzetan, herri epaimahai dinamika jendea zinemara eta praktika artistikoetara hurbiltzeko modu bat izateko sortu dute: “Azken aldian gure apustua da herrian jaialdia errotzea eta gazteak erakartzea eta ez mugatzea bakarrik lehiaketara, zinemarekin lotutako beste esperientzia batzuk aktibatzea edo eskaintzea. Ez dator beste epaileak ordezkatzera, betiko lehiaketa betiko epaimahaiarekin izango da, eta dinamika hau apartekoa izango da.”
Dinamika honek bi epaimahai bereiztuko ditu: Gazte Epaimahaia eta Esperientziadunen epaimahaia. Gazte Epaimahaia 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osatuko dute, eta Benito Ansola saria emango dute, 500 euroko saria. Esperientziadunen Epaimahaia ostera, 65 urtetik gorako herritarrek osatua izango da eta Cikautxo saria emango dute, 1.000 eurotako saria.
Bi epaimahaiek formakuntza eta akonpainamendu prozesu bat izango dute, bakoitzak berea, EZB lan taldearen laguntzaz eta urriaren 17an Herri Epaimahai osoak bazkaria egingo du, ondoren elkarrekin sari banaketara joateko. Seijok argi utzi nahi du ez dela zinema aditua izan behar epaimahaikide izateko, ezta lekeitiarra ere, izen ematea irekia izango da.
Herri Epaimahaian parte hartu nahi dutenek informazio guztia eta izena emateko aukera Euskal Zine Bileraren webgunean [www.zinebilera.eus] izango dute. Izena urriaren 1a baino lehen eman beharko dute.