«Uhagon bizi-bizirik» mantentzeko bidea
Aldaketa askoren lekuko izan da Uhagon proiektua bere 25 urteetan. Egungo makro ereduan oinarritutako garaiari aurre egiteko, batzorde berria sortu dute elkartearen baitan, eta orain, elkarlanean jarduteko, komunitate sendoa eraikitzeko eta herrigintzan jarraitzeko unea dute, Uhagonek bere espazioa erabiltzen eta orain arte bete duen funtzioa betetzen jarraitu dezan.
Nerea Unanua eta Oier Onaindia Uhagon kulturguneko zuzendaritzako kideak.Uhagon Kulturgunea Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunea herriari kultur etxe bat emateko beharretik sortu zen. 1998. urtean herriko zenbait norbanako eta kolektibo proiektuaren inguruan hausnartzen hasi ziren, eta 2001. urtean sortu zuten Uhagon proiektua bere horretan. Nerea Unanua eta Oier Onaindia zuzendaritza taldeko kideek Uhagonen gaur egungo egoera ulertzeko argibideak eman dituzte.
Zer da Uhagon proiektua?
Nerea Unanua: Uhagon elkarte bat da, 300 bazkide inguruz osatua eta horietako bostek osatzen dugu zuzendaritza taldea. Horrez gain, kultur eskaintza osatzeko, kultur-langileak ere badaude, eta proiektuaren funtzio soziala bermatzeko, tabernako langileek ere osatzen dute gure komunitatea. Hemendik aurrera, ordea, gobernantza eredu irekiagoa jarriko dugu praktikan, sinetsita baikaude kultur komunitatearen bueltan dauden norbanako eta eragileak ere saretu behar ditugula proiektu eder honetara.
Askok agian ez dakite Uhagon elkarte batek kudeatzen duela.
Oier Onaindia: Orain arte ere norbanako militante ezberdinek osatu izan dute elkarteko zuzendaritza, elkarteko langileekin batera, isileko lan handia eginez. Garaiak aldatu dira, ordea, eta gizarte ezegonkor honetan, kulturak ezinbestekoa izaten jarraitzen du. Kudeaketa ereduak aldaketa behar zuen, kudeaketa komunitarioagoa eta bizigarriagoa posible egiteko. Praktikan, zuzendaritza taldearen eta elkarteko langileen lanaz gain, herriko kultur zaleen eta eragileen arteko elkarlana bultzatu nahi dugu, eta Uhagon elkarteagaz herri kultur zaleagoa, sortzaileagoa eta saretuagoa lortu.
Zailtasunak ere izango ziren bidean.
O.O.: Makro ereduan oinarritutako kontsumo azkarraren garaietan bizi gara, eta honek bete-betean eragiten du herriko eragileengan. Edozelan ere, kulturguneak 21 urtez eta proiektuak 25 urtez iraun izana lorpena dela uste dugu; herriak aitortu dio Uhagoni betetzen duen funtzioa. Hala ere, aurrera begirako erronka konplexuak parez pare ditugu: kultura eta hizkuntzaren transmisioa, boluntariotzan oinarritutako elkarteen biziraupena, kulturaniztasuna eta abar luze bat. Horren aurrean, ezinbestekoa da elkarlanean jardun, komunitate sendoa eraiki eta maila ezberdinetako administrazioek kultur politika publiko ausartak garatzea. Indar eta behar horretatik, proiektuaren inguruko hausnarketa prozesua martxan jartzea erabaki genuen.
Kultur elkarteak eraldaketa bat behar zuela erabaki zenuten.
N.U.: Zuzendaritza berria izendatu, eta kanpo aholkularitza baten laguntzaz, urtebete pasatxoko lanketa egin dugu, kultur elkartearen norabidea definitu eta organo berriak osatuz. Hamabi hilabeteko ibilbidean, bilera eta saio asko egin ditugu bazkideekin, udalarekin eta norbanakoekin. Bakoitzak beretik, kultur elkarteari eman diezaiokeena eskaini dio. Hurrengo erronka herriko eragileekin batera prozesu berri bat abiaraztea izango da.

Uhagon kulturguneko bazkideek Uhagon jaia ospatuko dute.Uhagon Kultugunea
Bost laguneko zuzendaritza taldea osatu duzue. Zer dakar horrek?
N.U.: Batez ere, arnasa dakar. Hasieratik bertatik egon da jende konprometitua proiektuaren inguruan, bere indar guztia horretan jarri duena. Baina azken urteetan indarra galtzen joan da talde ikuspegia, eta banakako ahaleginak egon dira. Orain talde bat egoteak berriro indarra eman dio proiektuari, bakoitzak bere alorretik eta indargunetik ekarpena eginez. Bazkideen parte hartzeko aukerak areagotu direnetik, pertsona gehiago hurbildu dira proiektura euren ekarpena egitera.
Hamar urte barrurako nolako Uhagon nahi duzue?
O.O.: Uhagon bizi-bizirik eta herria kulturzalez beterik irudikatzen dugu. Baina horretarako, gaur gaurkoz lehentasunez egin beharrekoa elkartea berregituratzea da, lau lan ildo nagusi identifikatuz: gobernantza ereduaren berdiseinua, proiektu bideragarri baten beharra, edukiak landu eta eragileen arteko saretzea zainduko duen komunitatea izatea, eta azkenik, komunikazio alorraren garrantzia. Zuzendaritzako kideak eta langileak lantalde horietan banatu gara.
Argi utzi duzue zuzendaritzako bost kideek ez duzuela «Uhagon izan» nahi.
N.U.: Uhagon ez da pertsona bat ez da aurpegi bat, ez da izen bat. Uhagon, ezer bada, herriarena da; herrigintzatik sortu zen eta komunitateari zor zaio. Momentu honetan, zuzendaritza organoan bost pertsona batu gara, eta etapa honetan Uhagoni eskaini nahi dizkiogu indarrak, baina argi azaldu nahi dugu ez dela hori betikotzea gure asmoa, ez denboran, ez formetan: ahalik eta bazkide kopuru handiena lortu nahi dugu, eta gehienek parte hartzea bultzatu, bakoitzak ahal eta nahi dituen konpromisoak hartuz. Sinisten dugu errelebo naturala egon behar dela, eta proiektua indartuta badago, are errazagoa izango da jendea batzea eta ondorengo belaunaldiei transmititzea.
Zein da markina-xemeindarrek Uhagonen izan dezaketen eginkizuna?
O.O.: Uhagon irekita dago, edonork parte hartu dezake edozertan. Kafe bat hartzera etortzetik, lantaldeetako bileretako kide izateraino, aukera guztiak daude irekita nahi duen edonorentzat. Denak dira ongi etorriak. Egungo errealitatea kontuan izanda, proiektuan parte hartzeko eta babesteko era asko daude. Agian, beraiengana nola iritsi behar dugun horretan asmatu behar dugu, baina argi daukagu datozen hilabeteetan aurrerapausoak emango
ditugula.
Uhagon Jaia antolatu duzue urriaren 18rako.
N.U.: Arrazoi askorengatik sortu dugu jai hori. Batetik, urteurrena duelako proiektuak: 25 urte dira lehen ameslari horiek proiektuaren inguruan hausnartzen hasi zirenetik. Horretaz gain, aipatutako prozesu luze horren ostean, sentitzen genuen komunitatea guregana hurbiltzeko modu dibertigarria izan zitekeela jai bat antolatzea. Ateak irekita daudela adierazteko eta proiektura batzeko gonbidapena luzatzeko, aukera paregabea izango da. Egun horretan abiatuko dugu bazkidetza kanpaina, urte amaierara arte luzatuko dena.
Zergatik da garrantzitsua markina-xemeindarrak Uhagon Jaira bertaratzea?
O.O.: Gure proiektua gertutik ezagutzeko gonbidapena egingo nieke markina-xemeindarrei. Nahi duena bazkidetza egitera ere animatzen dut eta besterik gabe, gure ekitaldiez eta eskaintzaz gozatzen jarraitu nahi duena ere ongi etorria izango da.