409 arrantzale gaztetxok parte hartu dute 26. Umeen Arrantza Lehiaketan
Zortzi urtera artekoetan Markel Bilbao izan da irabazle 30 arrain harrapatuta eta 8-14 bitarteko gaztetxoetan Unax Gaciñok lortu du gehien 66 arrainegaz. Eguzkia lagun, gozatzeko eguna izan dute parte hartzaile zein laguntzaileek.
Umeen Arrantza Lehiaketako arratzale txiki bat arraina harrapatu berritan. Iazko 25. urteurrena euritsua izan bazen ere, aurtengo 26. Umeen Arrantza Lehiaketak eguraldi ederra ekarri du herrira, eta parte hartzaile guztiek eguzkipean arrantzatuz gozatu dute eguna.
14:00etan batu dira herriko frontoian, aurten 409 parte hartzaile izan dira guztira egunean bertan hainbatek izena eman eta gero, eta beharrezko guztia (bokatak, amua eta aparailua) jaso eta jarraibideak entzun ondoren, 14:30etan kalejirari ekin diote txistularien atzetik. Musika Plazan hasi eta herriko kaleak txistulariez alaituta zeharkatu dute alde zaharra parte hartzaile eta lagun, Itsasaurrera heldu arte. Bertara heldu eta suziria entzun bezain laster, gaztetxo guztiak arrantzarako lekuaren bila abiatu dira Plaiko zubitik portu aldera.
17:30ak arte arrantzan egiteko denbora izan dute, eta bakoitzak lortutakoagaz, berriro frontoira bidea hartu dute. Frontoian batuta, antolatzaileek arrain kontaketari ekin diote Herribixi kolektiboak txikienak entretenitu dituen bitartean. Sari banaketa 18:00 aldean egin da eta honakoak izan dira sarituak:
- 4-8 urtekoak:
- Lehenengo postua: Markel Bilbao, 30 arrain.
- Bigarren postua: Ixare Herreros, 28 arrain.
- Hirugarren postua: Amets Gurrutxaka, 24 arrain.
- 9-14 urteko:
- Lehenengo postua: Unax Gaciño, 66 arrain.
- Bigarren postua: Luken Barrenetxea, 57 arrain.
- Hirugarren postua: Eneko Aranberri, 48 arrain.
- Arrain pisutsuena: Oier Zuazo, 1000 gramoko olagarroa.
Baina sarituak izan ez direnak ez dira esku hutsik joan, Parte hartzaile guztientzako opariak banatu dituzte antolatzaileek.