Marka berriak ezarri dituzte aurtengo Tontorramendiko Igoeran
Emakumezkoetan Irati Ortiz de Anda lezamarra izan da azkarrena 19 minutu eta 33 segundoko denborarekin eta gizonezkoetan Ibon Badiola Lersundik 14 minutu eta 31 segundo behar izan ditu.
XIII. Tontorramendiko Igoerako irabazleak. Tontorramendiko Igoera egin dute gaur goizean hamahirugarrenez Ondarroako Gazte Asanbladak eta Aurrera Mendi Taldeak antolatuta. Izena eman ondoren, 10:00etan hasi da lasterketa txupinarekin batera, Gaztetxetik abiatu eta Tontorramendi gaineraino. Aurten 31 lagunek hartu dute parte, horietatik 6 emakumezkoak eta 25 gizonezkoak izan dira. Ondarroako eta inguruetako jendeaz gain, beste txoko batzuetatik ere hurbildu dira lasterketa egitera, besteak beste, Tolosatik, Legazpitik, Elgoibartik, Lezamatik eta Gernikatik.
Aurtengo lasterketan irabazle berriak izan dira, alde batetik gizonezkoetan Ibon Badiola Lersundi ondarrutarra izan da azkarrena 14 minutu eta 31 segundoko denboragaz eta marka berriagaz. “Hasieratik oso bizkor irten gara, banekien Josuk oso ondo egingo zuela baita ere, beraz pixka bat erregulatuz. Gero azken aldapan beste bala bat nuen eta aprobetxatu egin dut. Gainera errekorragaz, beraz oso pozik”.
Bigarrena Josu Urrutia Zubikarai izan da 14 minutu eta 54 segundoko denboragaz eta hirugarren heldu da Paul Goitisolo Otazua 15 minutu eta 37 segundoko denboran.
Emakumezkoetan berriz, Irati Ortiz de Anda lezamatarrak irabazi du 19 minutu eta 33 segundoko denboran azkarrena izanda, baina hau ere marka berria ezarrita. Sentsazio eskasak izatetik zetorren, baina gustura gelditu da: “Beriainen egin nuen azkenengoz aurreko astean eta ez nituen sentsazio onak eduki, orduan gaur proba garrantzitsua zen. Aste txarra izatetik aste hau nahiko normala izan da. Gaur hasieratik sufritzeko prest etorri naiz, gustura sentitu naiz, sufritzeko gaitasuna eduki dut eta denbora ere pentsatu baino hobeto irten zait. Sentsazio ona, oso gogorra baina pozik”.
Bigarrena Ireder Angulo Elexpe izan da 21 minutu eta segundo bateko denboran helduta eta atzetik Haizea Gerrikabeitia Uriguen heldu da hirugarren 22 minutu eta 15 segundoko denboran.
Lasterketa eta gero sari banaketagaz, giro ederrean amaitu dute goiza.