Antzar Egunean Bizkaibus zerbitzua murrizteko eskatu du Lekeitioko Udalak
Egun arruntetan baino Antzar Egunean 68 autobus gehiago jarri ziren iaz. Udalaren esanetan, masifikazioak herriaren "segurtasunean, bizikidetzan, irisgarritasunean, hondakinen kudeaketan eta jaiaren nortasunean" ondorioak ditu.
San Antolinetako Antzar Egunean sortutako masifikazio egoerari erantzunez, Lekeitioko Udalak datorren urteko Antzar Egunerako Bizkaibus zerbitzuan neurriak hartzeko proposamena helarazi” dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Eskaeraren oharrean adierazi dutenez, egun horretan Lekeitiora joaten den jende kopurua gehiegizkoa da herriak hauek hartzeko duen ahalmenerako. Horregatik, masifikazio egoera horrek herriaren “segurtasunean, bizikidetzan, irisgarritasunean, hondakinen kudeaketan eta jaiaren nortasunean” ondorioak dituela zehaztu dute.
Izan ere, plaza eta bere inguruak, parkea eta portuan batzen da jendea eta horrek kalean eta espazio publikoetan hondakinen pilaketa ekartzen duenez, herritarren mugikortasuna zaildu egiten du. Udalaren hitzetan, guzti horrek ondorio argiak uzten ditu: herritarrak etxean geratzea edo herritik kanpora joatea, gero eta taberna gehiago itxita egotea, jaiaren izaera eta nortasuna desitxuratzea, sektore batzuk jai-girotik kanpo geratzea, masifikazioak arrisku egoerak sortzea, larrialdietan zerbitzuen esku-hartzea zailtzea eta baita ere hondakin eta kutsadura maila jasangarria ez izatea.
Horregatik, egoera kudeaezina izan aurretik, udalak neurriak hartzea beharrezkoa dela adierazi du, zehatzago esanda, “herriaren gaitasunarekin bat datozen neurriak hartzea ezinbestekotzat” ikusten du. Ondorio honetara heltzeko ez dira hausnarketa subjektiboetan oinarritu, iaz batutako datu objektiboak izan dituzte helduleku: errefortsu-autobusekin egun arruntetan baino 68 autobus gehiago ibili ziren eta bakoitzean 60 bidaiari joanez gero, 4.080 pertsona mugituko lituzkete. Baina, “benetako kopurua handiagoa izan ohi da, eta kopuru hori bikoiztera ere irits daiteke”. Gainera, Lekeitiora heltzen diren autobus pribatuen kopurua ere gero eta handiagoa dela azpimarratu dute.
Datu eta hausnarketa guztiak aintzat hartuta, udalak adierazpen argia egin nahi izan du: “Testuinguru horretan, Lekeitioko Udalak proposatu du 2027ko Antzar Egunean egun arrunt bati dagokion autobus zerbitzua eskaintzea, errefortzu berezirik gabe, edo, gutxienez, Lekeitiok modu seguruan eta jasangarrian har dezakeen pertsona kopuruarekin bat datorren zerbitzu bat ezartzea”.
Udaletik azaldu dute egindako proposamenak ez duela Antzar Egunera joatea eragotzi nahi, baina bai herriaren gaitasunak onartzen duen mugikortasun-eredua sustatu herritarren segurtasuna, bizikidetza eta irisgarritasuna bermatzeko. Izan ere, jai egunetan 15 minuturo autobus bat egotea Bizkai osoan ohikotik kanporako zerbitzua dela azpimarratu dute, Bilboko Aste Nagusia eta Antzar Eguna izanik halako zerbitzua izan duten jai bakarrak.
Lekeitiotik elkarlanerako deia egin diete Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaibusi, gaia lantzen lehenbailehen hasi eta “irtenbide adostu eta jasangarria bilatzeko” asmoz. Lehenengo pausua Bizkaibusen arduradunekin hitz egitea da udalarentzat, egoera ganoraz aztertzeko eta neurriak elkarlanean diseinatzeko: “Lekeitioko Udalaren helburua argia da: Antzar Eguna herritar guztientzat ahalik eta inklusiboena, seguruena eta jasangarriena izatea, jaiaren nortasuna eta herriaren bizikidetza zainduz”.