Bederatzi ekintza aurkeztu ditu Habixi Elkarguneak
Munitibarren irailetik abendura bitarteko agenda berria osatu dute mota desberdinetako ekintza sortarekin. Aipagarriena herri antzerkia dute, estreinakoz egingo dutena eta helburua herritarren artean sorkuntza sustatzea izango dute.
Uxue ta Eztebe bere kantuak jotzen barikuan Munitibarren.Uxue ta Eztebe Munitibarko Habixi Elkargunetik urteari geratzen zaionari kolore pixka bat jarri nahi diote eta helburu honekin urte amaierara arteko agenda aurkeztu berri dute. Bederatzi ekintza egingo dituzte izaera desberdinetakoak: kontzertuak, irteerak, jaiak, bertsoak eta bestelakoak.
Habixatik ikasturtean zehar bi bilera egiten dituzte, herritar guztiei irekiak, eta bileretan jendearen interesak jasotzen dituzte herriko eskariak betetzeko helburuz. Hala ekarpenak jaso eta hauetatik abiatuta osatzen dute agenda. Aurreko ikasturtean ondo funtzionatzen duten ekintzak ere izaten dira, eta hauek mantentzen saiatzen dira, jendearen harrera ona dutelako: “Adibidez horrek beti dira kontzertuak, hau da ekintza musikalen bat txertatzea agendan beti da ongi etorria jendearen parte hartzea nahiko altua izaten delako”.
Hala estreinatu zuten agenda berria aurreko barikuan Uxue eta Eztebe berriatuarren kontzertuarekin: “saiatzen gara eskualdeko edo inguruko jendeari ahotsa eta espazioa ematen euren proiektuak ezagutarazteko”.
Bertso saio musikatuak ere bere lekua izango du agendan. Ekintza musikalak oso ondo uztartzen direla ikusi izan dute baina baita bertsoak ere, eta biak bateratzen dituen ekintzari lekua ematea erabaki dute: “Oraingoan apustua egin dugu zeozer desberdina egiteko bertso musikatura aldaketa bat eginda”. Bestetik, agendaren patroi berdina jarraitzen duten urteroko ekintzak ere gehitu dituzte: Gaba Baltza, Santo Tomas eguna eta Habixako kanpaikadak Gabonetan.
Hitzaldia ere izango dute azaroan Maria Laespadaren eskutik “emakumeen aurkako errepresioa gerra zibilean eta frankismoan” hobeto ezagutzeko eta agendan transmisio lanari lekua egiteko.
Aurten nobedade nabarmen bategaz datoz, herri antzerkiaren proiektua dute eskuartean estreinakoz eta elkargunetik ere proiektuagaz “motibatuta” daude. Herritarrek kurtso amaierako bilera irekian aipatu zuten eta hortik ideiagaz aurrera egitea erabaki zuten: “Ez da lehen aldia hau irtetzen duena, herri antzerki baten proiektua abiatzea, Munitibarren ondo egongo litzatekeela pentsatu eta esan genuen, agian orain da momentua honi heltzeko eta nolabait forma emateko”.
Proiektu hori martxan jartzeko, Nerea Gartzia ondarrutarra etorri zitzaien burura eta beragaz harremanetan hasi ziren. Antzerkiaren gaia 1937ko Munitibarko aire erasoa izatea erabaki zuten eta asmoa Gartziaren laguntzagaz antzerkiari forma ematen hastea dute. Datorren urtean aire erasoa gertatzetik 90 urte beteko dira eta gai aproposa iruditu zitzaien antzerkian lantzeko, “transmititzea eta ezagutaraztea merezi duen gaia” dela uste dute.
Ikasturte osoan zehar landuko dute proiektua: “Berez asmoa da apurtxo bat ikasturte osoko sorkuntza prozesu bat izatea, bai dokumentazio lan bat egitea, gidoia idaztea, antzerkia bera prestatzea…lan komunitario bat egitea da asmoa”. Urritik ekainera astean saio bat egingo dute, jada zabaldua dute herritarrak apuntatzeko formulario bat. Izan ere, antzerkirako “jende ahalik eta anitzena edo adin tartea handiena” lortu nahi dute proiektua aberatsagoa izateko. Argi dute erronka handia izango dela: “Hartzen dugun ekintzarik nabarmenena eta erronkarik handiena da ikasturte honetan, ze urte osoko proiektu bat izango da”.
Elkargunetik jendea antzerkiaren parte izatera animatu nahi dute eta “ez da derrigorra herri antzerki honetan parte hartzearren oholtzara igo behar” izatea. Komunitateko lana izanda, lanak banatu daitezkeela adierazi nahi dute, antzerki baten atzean lan asko baitago.
Agendako hurrengo ekintza Arbatzegira irteera izango dute. Ekintza estatikoagoez gain, elkargunearen helburuetako bat herritarrek Munitibar ezagutzea eta ezagutaraztea da. Belaunaldiz belaunaldi egin beharreko transmisio lana dela uste dute eta Munitibarko txoko desberdinetara urtean bi irteera egitea dute helburutzat.