Xemeingo ezpata dantzaren erritmoan dantzatu du Arretxinagak
San Migel Egunagaz amaituko dira gaur [irailak 29] Arretxinagako jaiak. Markina-Xemeindarrak Zerutxu dantza taldea ikusteko batu dira mezaostean, eta egun osoko egitarauagaz gozatzeko asmoz igarok dute eguna bertan.
Herri baten nortasuna dantza saio baten. San Migel Egunak Xemeingo ezpata dantza ekarri du Arretxinagako ermitara, eta beste urte batez, euren dantza eta tradizioaz harro egoteko arrazoi bera izan dute markina-xemeindarrek. San Migel Egunak agindu bezala, 11:00etako mezagaz hasi dute eguna. Ermitako irteeran batu dira herritarrak, segituan, dantzak ikusteko leku onenaren bila hasteko.
Karmen Egunean egin zuten bezala, herrikoak omentzeko tartea hartu du dantza taldeak. Plaza goraino bete duten Markina-Xemeingo dantza zaleen begiradapean eta San Migel ermitaren babesean, aurreskua eskaini die dantzariek zenbait herritarrei. Markina-xemeindarren dantza zaletasuna agerian geratu da dantzariek euren parte hartzea eskatu dutenean. Dantzagunera batu dira herritarrak, eta elkarregaz aritu dira hankak fandango eta arin-arin erritmora mugituz. Eskuak elkarreri emanda eta herritarren loturak gorpuztuta, biribilketagaz amaitu dute ikuskizun berezietan bereziena.
Jan eta edana esku artean, egunagaz gozatzen aritu dira plaza bete duten guztiak. Pantxo Balbuena mariatxiak izan du dantzen ostean giroa alaitzen jarraitzeko ardura.

Arratsaldea herriko umeei eskainia izango da. Kalean otso, etxean uso antzezlana izango dute haurrek 17:00etan, musika eskolako goiko lokalean. Asteburuan erromeriak izandako arrakasta ikusita, umeei emango die ondo pasatzeko aukera bera 18:15etik aurrera. Ostean, buruhandiak eta txokolatada izango dute etxeko gaztetxoenek. 21:00etan tradiziora buelta egin eta Zerutxuk mahai gainekoa dantzatuko du.