Berriatuan eta Ispasterren irakurzaletasuna sustatu nahi dute
Berriatuan 6 hilabetetik 8 urtera arteko umeentzako irakurketa kluba osatuko dute eta urriaren 9a arte izango dute izena emateko aukera. Ispasterren berriz, ez dago adin tarterik zehaztuta, eta osatuko den taldeak bere dinamika propioak egingo ditu. Izen ematea urriaren 15a aurretik egin beharko dute.
Gaur egungo gizarteak bizi duen digitalizazio masiboan eta egunerokotasunean ikus-entzunezkoek duten nagusitasunaren aurrean, irakurzaletasunari lekua egiteko espazioak ugaritzen ari dira, eta beste hainbat herritan bezala, bai Berriatuak eta bai Ispasterrek ere irakurzaletasuna sustatzeko hautua egin dute eta ekimenetara deialdia egin dute, bakoitzak bere helburuarekin.
Berriatuaren kasuan, udala eta eskola biak elkarlanean, Umeentzako irakurketa kluba sortzeko aukerari heldu nahi diote eta deialdia zabaldu dute etxeko txikienek irakurtzeko ohitura jaso eta barneratu dezaten eta, hala, irakurketaz goza dezaten.
Udalaren hitzetan, Galtzagorri Elkartearen bitartez heldu zaien ekimena izan da, interesgarria iruditu zitzaien eta lehendabizikoz ekimenari heldu eta martxan jartzea erabaki dute. Helburua zehatza da: “Txikitatik gurasoen bitartez umeegaz jesarri, irakurri eta irakuzaletasuna bultzatzea da”.
Adin tarte desberdinetako taldeak egin nahi dituzte: sei hilabetetik 3 urtera bitartekoak, 3 urtetik 5 urtera artekoak eta 6 urtekoetatik 8 urtera bitartekoak. Hala ere, “apuntatutako kopuruaren eta adintartearen arabera ikusiko da nola egingo diren taldeak”.
Umea irakurketa klubean sartu nahi duenak gurasoak ere klubean inplikatuta egotea garrantzitsua izango da, udaletik eta eskolatik argi uzten baitute “gurasoak direla testuaren eta haurraren arteko bitartekariak”.
Irakurketa saioen data zehaztuta daude jada: urriaren 23a, azaroaren 20 eta abenduaren 4a. Umea klubean sartu nahi duenak udaletxean izango du izena emateko aukera urriaren 9a arte.
Ispasterri dagokionez, “irakurzale talde bat sortu nahi” dute herrian eta ez dute adin tarte batera mugatuko. “Irakurtzea, liburuei buruz hitz egitea eta esperientziak partekatzea gustatzen” zaio oro taldera batzera gonbidatua dago.
Irakurzale txokoa osatuko duen parte hartzaileek ez dituzte dinamika zehaztuak izango taldera batzean, irakurleek beraiek erabakiko dute ze dinamika sortu eta burutu: “Izena eman dutenen artean erabakiko da nola bideratu jarduera hau baina asmoa euskaraz irakurtzea da: liburu osoak, kapituluak, artikuluak…eta gero taldean, irakurritakoari buruz hitz egin”. Irakurleak eurak antolatuko dira eta eurak sortuko dute irakurri nahi dituzten liburuen zerrenda, ze maiztasunez irakurtzeko konpromisoa hartuko duten, noiz elkartuko diren eta saioak nola egingo dituzten.
Udalak bere aldetik, lokal bat jarriko du irakurle taldea elkartzeko espazio moduan eta liburuak eskuratzeko erraztasunak jarriko ditu. Batetik, herriko liburutegiko katalogoa irakurleen eskura jarriko dute eta, bestetik, bertan aurkitzen ez diren liburuak eskuratzeko, udalak ahal duen neurrian, beste liburutegi batzuetan eskatzeko aukera eskainiko du.
Irakurzaleen txokoari hasierarako data bat ez badago ere, taldea osatu ahal izateko izena urriaren 15a baino arinago ematea komeni dela adierazi du udalak. Horretarako, udaletxera hurbilduta edo 946842999 telefonora deituta eman beharko dute izena interesatuek.