Ekuadorko gastronomia ezagutzeko tailerra egingo dute Markina-Xemeinen
Leku mugatuak izango ditu tailerrak, eta bihartik aurrera [urriak 1] egongo da izena emateko aukera.
Markina-Xemeingo Hemen Be Bai Merkatari Elkarteak antolatuta, Ekuadorko janaria prestatzen ikasteko sukaldaritza tailerra egingo dute urriaren 12an, 17:30ean, Arretxinagako sukaldean. Ikastaroak bertaratuko direnen ezagutza aberastea du helburu, hala ere, herriko produktu eta saltzaileei bultzada bat emateko asmoagaz ere sortu dute; Hemen Be Bai elkartea osatzen duten saltokietako lehengaiak erabiliko dituzte platerak kozinatzeko.
Ekuadorko gastronomia bertatik bertara ezagutzeko eta prozesuan beharrezkoak izango diren argibideak emateko Dayana Salinas Toldope tabernako sukaldaria ariko da irakasle lanetan. Leku mugatuak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, eta izena emateko epea bihar [urriak 1] zabalduko dutela. Sarrerak udaletxeko kutxazainean egongo dira salgai 15 euroren truke.