'Katana' bakarrizketaren azken festa egingo du Ana Goitiak Campos Eliseos antzokian
Urriaren 8an bakarrizketari agur esango dio Bilboko antzoki ezagunean. Saio berezia prestatu du, gonbidatu bereziak eta sorpresak bermatuta egongo dira. Sarrerak eskuragarri daude oraindik.
Ana Goitiaren Katana bakarrizketa ezagunari egun gutxi geratzen zaizkio oholtza gainetik erretiroa hartzeko. Herriz herri eta plazarik plaza eraman du lekeitiarrak, Euskal Herriko txoko ugaritan izan da jendea entretenituz eta barrea eraginez. 2024ko azaroaren 7an Urretxun hasi zuen bakarrizketa, hasiera arrakastatsua izan zen, denak tente jarrita, eta ordutik 50 saio inguru egin ditu Euskal Herri osoan zehar. Emanaldi bakoitza asko disfrutatu duela aitortu du Goitiak.
Urriaren 8a egun handia izango da Goitiarentzat, Bilboko Campos Eliseos antzokian agurtuko baitu publikoa birari amaiera emanaz: “Agur esateko eta eskertzeko modu bat izango da, bai Katanari eta bai publikoari, ze gauza on asko ekarri dizkit, batez ere egitea posible dela ikustea. Zoragarria izan da bidea, poztasun asko ekarri dizkit. Horregatik du Katana, Azken Festa izena”.
Sekula ez zuen pentsatu Campos Eliseos antzokikoa bezalako oholtza batean egongo zenik bere obra propio batekin. “Ez da erreza izaten horrelako espazio bat hartzea, baina neure buruari esan nion ‘arriskatu egin nahi dut eta erronka baten moduan ipini’ eta orain oso pozik nago. Ematen du jendea animatzen ari dela, ametsak betetzen dira eta hau horietako bat izango da”.
Saio berezia izango da eta sorpresak izango dira: “Festa bat zer da? Jai batean sorpresak, lagunak, familia…denetik egongo da. Sorpresak ez dira faltako inondik ere, ez naiz bakarrik egongo oholtzan egun horretan”. Urretxun bere lehenengo bakarrizketa egin zuenean, Jon Plazaolak ireki zion emanaldia. Goitiarentzako oso berezia izan zen, Plazaola lagun handia du eta bera han izateak lasaitasuna eman zion. “Hemen (Campos Eliseos) ere egongo da noski. Baina ez bera bakarrik” aipatu du Goitiak, gehiago kontatu barik.
Lekeitiarrarentzako Katana erronka handi bat izan da, baina aurretik egindako emanaldietan jasotako erantzunak lagundu zion bere bakarrizketa propioa izateko jauzia ematen. “Bakarrizketa bat egin nuen Barre Librean, eta oso gustora sentitu nintzen, beti nahi izan nuen bakarrizketaren bat egin eta aukera eman zidatenean esan nuen ‘Hau betirako egin nahi dut'”.
Amaia Etxeberria arrasatearrari ere ezin izan zion ezetzik esan, beragaz argazki sesio bat egin ondoren, Katarsi Feminista izenagaz erakusketa berezi bat egin zuen Arrasateko Gaztetxean eta bertan bakarrizketa bat egiteko eskatu zion Goitiari. Han egin zuen bere lehenengo bakarrizketa jendearen aurrean. “Ainhoa Vitoriarekin hitz eginda esan zidan izugarria izan zela, giro itzela sortu zela. Oso ahaldunduta sentitu nintzen”. Beste baten Antton Telleriak deitu zion Tolosara joan eta elkarte batentzako saioa bat egiteko. Eta hala hasi zen Katana bideratzen: “Nire buruari esaten nion noizbait bakarrik egin nahi nuela. Hala Barremanekoek lagundu zidaten, jarri genuen lehen data eta data jarrita ez zitzaidan beste erremediorik gelditzen”.
Urretxun hasi eta Elgetaraino, bizipen eta anekdota ugari ditu, saio aipagarrienak lehenengoa eta bere herriko biak: “Lehenengo aldian Urretxun jendeak zutik amaitu zuen eta pentsatu nuen: ‘Zer da hau?’. Lehenengo aldiak ez omen dira onenak izaten baina oso hunkigarria izan zen. Lekeition, berriz, bi saio egin nituen jarraian eta oso hunkigarria izan zen norbere herrian hainbeste maite nautela ikustea. Lekeitiarrengandik oso maitatua sentitzen naiz. Oso oroitzapen onak ditut leku guztietatik”.
Katanak emandako bizipen guzti horiek gogoratzeak agurra are zailagoa egiten du Goitiarentzat: “Alde batetik gogoa dut amaitzeko ze oso nekatuta nago, Baina bestetik pena dut ze aurreko barikuan Elgetan izan nintzen eta oso berezi izan zen. Azkena zen, ze datorrena berezia izango da, baina hau azkena zen, herri txikietako azkena (asko gustatzen zait herri txikietara joatea) eta negarrez amaitu nuen. Publikoa zoragarria izan zelako, baina ni ere agur esatera nindoan”.
Hala ere, oraindik azkena gelditzen zaio bakarrizketari benetan agur esateko. Ondo egin nahi du, batez ere ondo pasatu eta gozatu. Egun batzuk lehenago urduri egon izan ohi dela aitortzen du, baina bertan oholtzara igotzen den momentuan izugarri gozatzen duela dio.
Katanaren amaierak ez dio bere bakarrizketen ibilbideari amaiera emango, ordea, dagoeneko burua lanean du eta beste bat prestatzen hasia da hemendik denbora batera aurkezteko: “Oso argi daukat umorea egiten jarraitu nahi dudala, baina denbora pasatzen utzi nahi dut, deskantsatu, batez ere ahotsa, ze ahots kordak ez ditut ondo. Beste gauza batzuetan ere ari naiz lanean hurrengo bakarrizketa prestatu bitartean. Agian urriaren 8an zerbait jakingo dugu”.
Beraz, sarrerak erosi nahi dituenarentzat badago arrazoia urriaren 8an bertaratzeko: “Badakit eguena dela Euskal Herri guztitik joateko, baina astea amaitzen joateko plan polita dela uste dut eta hurbilduko diren guztiek asko gozatuko dutela esango nuke. Benetako festa bat izango da, ez dira damutuko”.