Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatzeko denetariko ekintzak antolatu dituzte
Bihar [urriak 1] hasi eta urriaren 20ra arte tailerrak, irakurleen txokoak eta zinea izango dituzte Markina-Xemeingo pertsona nagusiek.
Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da bihar [urriak 1]. Adinekoen errealitatea eta nahiak ezagutzeko eta aisialdirako beharrak asetzeko, eureri egokitutako ekintzak antolatu dituzte. Urriko zenbait egunetan banatu dituze ekimenak, hala, Markina-Xemeingo Lagunkoiaren gidaritzapean, egitarau oparoa osatu dute.
Bihar bertan izango dute lehen ekitaldia. Herri Bilbioteka aurrean 11:30ean elkarregaz batzeko aitzakia aproposa izango dute herritarrek; musikaz girotuko duten hamaiketakoa antolatu dute. Beti Jai elkartea ere izango dute topagune, izan ere, barikuan [urriak 2] 50 urtetik aurrerako pertsonen elikadurari buruzko tailerra izango dute 16:30etatik aurrera. Leku mugatuak egongo dira, eta izena udaletxean eman beharko da. Ohitura osasuntsuen aldeko ekimenak kontutan hartu eta garun gimnasia saioak izango dituzte astelehenean [urriak 5] eta eguaztenean [urriak 7], 16:00etan hasi eta 20:00etara arte.
Irakurtzea gustuko dutenek ere kultur eskaintza izango dute urriaren 15ean. Margaret Laurence idazlearen El angel de piedra izango dute hizpide 17:00etan hasiko duten irakurketa txokoan. Arantxa Urretabizkaiaren Zahartzaroaren mapren bila eta Mariasun Landa eta Maite Gurrutxagaren Egunaren adinak, 19:00etan. Irakurleei Herri Bibliotekan batzeko deia egin diete. Zinemazaleek ere izango dute aisialdirako aukera; Calle Málaga pelikularen emanaldia egingo dute urriaren 17an eta 18an, 18:00etan, Esperantza Aretoan. Ikusleek sarrera 5 euroren truke eskuratu ahalko dute.
Mahai inguru bategaz amaituko dute egitaraua: Bizihabi, adineko pertsonen eta gazteen arteko bizikidetza alojamendu programa izango dute hizpide urriaren 20an, 17:00etan, kultur aretoan.
Argitu dutenez, urrian Lagunkoiako partaideaek eta Olgetan udalekuetako gazteek pertsona nagusien inguruan egindako kartel eta pankartak ikusgai egongo dira herriko hainbat lekutan. Gainera, herriko ikastetxeetako ikasleek pertsona nagusien gaia ardatz hartuta idazlanak eta marrazkiak egingo dituztela argitu dute.