45 urtetik gorako andreak erramutan egitera animatu nahi dituzte
Andrak Erramutan Talde Feministak aurtengo denboraldia hasiko du datorren domekan [urriak 4]. Ondarroako zein eskualdeko emakumeek parte hartu dezakete.
Andrak Erramutan taldeko kideak Bilboko erronka amaituta.Andrak Erramutan Talde Feminista Andrak Erramutan egitasmotik 45 urtetik gorako emakumeei deia zabaldu nahi die euren proiektura animatu eta ekimenaren parte izateko. Naiara Garate Mantzizidor talde feministako kideak adierazi bezala, Ondarroako zein eskualdeko emakumeek parte hartu dezakete.
Aurtengo denboraldiari hasiera emateko, urteroko erronka buruan daukate, eta domeka honetan izango dute lehenengo elkarretaratzea: «Momentu honetan helburua da taldea nahi duenari zabaltzea. Ez bakarrik Ondarroako emakumeei, eskualdeko emakumeak ere gonbidatuta daude. Adibidez, mendexar batzuek deitu digute». Izena emateko ez daukate ez eperik, ezta kopuru mugarik ere: «Nahi duenak izena eman dezake eta nahi duenean».
Iaz erabaki zuten portuan taldearentzako lokala hartzea, eta Ondarroa Arraun Elkartea ere erabiltzen dute. Hain zuzen ere, haiekin duten elkarlana beharrezkoa dute, baina lokal propioa ere behar zutela erabaki zuten, eta hala egin zuten.
Domekakoa ate ireki jardunaldi moduan hartu dute. Parte hartzera animatzen direnei 10:00etan Barrako lokalera hurbiltzeko eskatu diete: «Animatu daitezela, han egongo gara eta. Traineruagaz eta erramuagaz lehenengo kontaktua edukitzeko aukera ona izango da. Trainerura lehenengoz sartzea sekulako sentsazioa da; beldurra ematen du, mugitu egiten da eta ez duzu egitura kontrolatzen. Beraz, ez gara urrunera joango, hemen ibiliko gara hondartzaren bueltan». Interesa daukaten emakume guztiak ongi etorriak izango direla azpimarratu dute taldekideek: «Batzuek deitu digute dagoeneko, behintzat probatu egin nahi dutela esanez. Asko ez dira parte hartzera ausartzen erronkak eskatzen duen ordu eta konpromisoagatik, baina hori moldagarria ere bada».
Egitasmoa prozesu feminista bat da, ez dago itxita, nahi duena probatzera ausartu daiteke eta beranduago hasiko dira erronka jakin bat pentsatzen: «Ideia batzuk badaude, baina ez dugu planteamendu finkorik. Baina umoretik eta ondo pasatzetik zerbait polita egingo dugu, emakumeen aldarrikapenak toki desberdinetara eramanez».
Erronkak, urtez urte
Erronkak egitea azken urteotako ekintza «motibagarria» izan da, taldea bizirik mantentzen eta aldarrikapenak lekuz leku eramaten lagundu diena. 2024ko uztailean egin zuten lehenengo erronka, Ondarroatik Donostiara joan-etorria. Helburua izan zen «45 urtetik gorako andreak arraun munduan murgiltzea, arraunean ikasi eta taldean elkar hartuta» erronka aurrera eramatea. Oriora joatea pentsatu zuten hasieran: «Hango proiektu bat da jatorrian, eta ideia Ondarroako emakumeek bertakoei aitortza egitea zen». Orio hurbilegi ikusten zuten, ordea: «Orio berton daukagunez, Donostiara joatea erabaki genuen». Horrenbestez, Ondarroa eta Donostia arteko erronka egin zuten, Orion eta Zumaian geldialdiak eginda.
«Bat egin ostean, jarraitu nahi genuela erabaki genuen», gogoratu du Garatek. Hain zuzen ere, taldeko gehienek jarraitu zuten bigarren erronka prestatzen, eta 2025eko uztailean Ondarroa eta Bilbo artekoa egin zuten. Urtero halako erronka bat antolatzeko «azpiegitura potoloa» behar da, eta horregatik, 2026an arnasa hartzera behartuta egon dira: «Alde ekonomikotik ere gastua suposatzen du, eta konpromiso pertsonala oso handia da. Lehorreko taldea ere behar dugu; antolaketa itzela da. 2026an erabaki genuen pixka bat gelditzea, eta beste ikuspegi bat ematea Andrak Erramutan proiektuari».
Horrenbestez, udan deskantsatuta, denboraldi berriari aurre egiteko, emakume gehiagori ateak zabaldu dizkiote: «Elkarte feminista den eran, elkarte irekia da, kasu honetan, 45 urtetik gorako emakumeei irekitakoa. Emakume gazteek badituzte aukerak arraun egiteko, baina gure adinekoek ez. Nagusienak 60 urtetik gora ditu, eta momentu honetan jubilatuta dagoen jendea daukagu».
Entrenamenduak elkarrekin egiten dituzte, «taldearen indarra garrantzitsua delako, jabekuntza prozesu guztietan eta ekintza feminista guztietan bezala». Horrenbestez, uretara irteteko ikasketa prozesua taldean egitea «derrigorrezkotzat» dute: «Ez da guretzat egiten dugun proiektu bat, guk ondo pasatzen dugu, baina herrirako egiten dugu, eta herriari egiten diogu. Kostako herrietan eta elkarte eta dinamiketan zabaltzeko prozesua da, ez da guretzako ekintza bat bakarrik».