Erraldoien III. Topaketak Markina-Xemeingo kaleak hartuko ditu
Markina-Xemeingo erraldoiek Txantreako eta Ondalan elkarteko erraldoiak izango dituzte lagun domekako [urriak 4] erakusketa eta kalejiran.
Markina-Xemeingo erraldoiek herriko kaleak hartuko dituzte domekan.Markina-Xemeingo Erraldoiak. Herriaren nortasuna, tradizio zein ohiturak gorpuzten dituzten erraldoiek Markina-Xemeingo plaza eta kaleak hartuko dituzte domekan. Erraldoien III. Topaketa antolatu du Markina-Xemeingo Erraldoien elkarteak, dantza, musika eta ikuskizuna uztartuko dituen ekitaldi handietan handiena. Herritar guztien ezagun dituzten erraldoiez gain, Txantreako eta Deustuko Ondalan konpartsek euren erraldoiak ekarriko dituzte Markina-Xemeinera.
Elorriok, Kontxitak, Peruk eta Bixentak ondo ezaguzten dituzte euren herriko kaleak, hala, eurek ariko dira Txantreako Mariri, Sorginari, Tartalori eta Basajauneri Markina-Xemeingo bidea zabaltzen eta dantza egiteko txoko guztiak erakusten. Ondalan elkarte handia dela azaldu dute antolatzaileek. Konpatsak ez du aurreratu zeintzuk izango diren ekarriko dituzten erraldoiak, baina bai ikusgarriak izango direla.
Erraldoien erakusketagaz batera, antolatzaileek aurreratu dute Elorrio eta Kontxitaren panpinak salgai egongo direla. Horrez gain, eskerrak eman nahi izan dizkie Markina-Xemeingo Udalari eta Opela gozotegiari.
Kalejira erraldoi bat. Herriko jaiak alaitzen dituzten erraldoiak hurbiletik ikusteko aukera izango dute herritarrek goizeko kalejiraren aurretik. 11:00etan Herri Biblioteka aurrean jarriko dituzte, eta 13:30ean elkartu diren konpartsen aurkezpena egingo dute. Erakusketa egin ostean, 11:30ean emango diote hasiera ikusgarria izango den kalejirari. Euria bada, erraldoien erakusketa frontoi txikian egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Frontoitik atera bezan laster Goikoportalera abiatuko dira Erdiko Kalean barrena sartu baino lehen. Alde zaharreko kaleak zeharkatu eta udal arraindegia izango dute helmuga. Lehen dantzaldia egingo dute bertan; konpartsa bakoitzak dantza bat eskaniko du. Arraindegia atzean utzi eta Aldaolara egingo dute bidea, bertan beste dantza ikuskizun bat egiteko. Zelaibarria ere oholtza erraldoi bihurtu eta dantzan ariko dira bertan. Kalejira amaierara hurbiltzen hasiko da Goikoportala igaro eta zelaira heltzean; bertan egingo dute azken dantzaldia, ekitaldiari amaiera eman aurretik.