Gazte Eguna egingo dute zapatuan lehen aldiz Gizaburuagako gazteek
Herrian gazteentzako ekintza faltak gizaburutar talde bat Gazte Eguna antolatzera bultzatu ditu. Pilotariak, musikariak eta DJak arituko dira arratsaldetik gauera eguna entretenitzen.
Zapatu honetan [urriak 3], Gizaburuagan lehenengo aldiz Gazte Egune egingo dute herriko gazteek. Egitaraua herriko eta inguruko herrietako jendearekin osatu dute, batez ere Lea Ibarreko gazteek parte hartuko dute ekintzetan eta arratsaldetik hasi eta goizaldera arteko egitaraua prestatu dute.
17:00etan pelota partiduak jokatuko dira eta Lea Ibarreko pilotari gazteak lehiatuko dira. Lehenengo partiduan, Ander Goikoetxea eta Jurdan Zuazo Elene Goikoetxea eta Aitor Erauskinen kontra jokatuko dute eta bigarren partiduan Aner Goikoetxea eta Aimar Okamika Janitz Bengoetxea eta Endika Uriondoren kontra arituko dira. Hurbileko gazteak batu nahi izan dituzte: “Herri txikietako jendea hartu nahi izan dugu azkenean elkar laguntzeko”.
Amaiur Galdos aulestiar gitar jole eta abeslariak da Uxue Ugalde markinarrarekin kontzertu akustiko bat eskainiko du 20:00etatik aurrera. DJ Arene aulestiarrak 21:30etik aurrera musikatuko du jaia, DJ Guzurterak munitibartarrek 23:30eko txanda hartuko dute eta DJ Muxutruk herritarrak izango dira musika jartzen azkenak, 1:30ean hasi eta 3:30ean jaia amaitu arte.
Gazte eguna antolatzeko arrazoia herriko gazteek eurak atzemandako arazo batetik sortu zen. Euren adinekoentzako ekintza gabezia nabaritu zuten jaietan eta horrek, gazte talde bezala, zerbait egitera bultzatu zituen. Hiart Goitiz gizaburutarra izan da ideia horren bultzatzaileetako bat: “Konturatu ginen Gizaburuko jaietan ez dutela gazteengan hainbeste pentsatzen. Izan ere, tortilla txapelketa mus txapelketa eta halakoak antolatzen dira eta ez dago ezer gazteekin lotu daitekeena. Eta orduan pentsatu genuen guk geuk sortu genezakeela ze bagaude gazte talde bat sei pertsonakoa gutxi gora behera, ahal duguna ekintza hau aurrera atera”.
Udalarekin elkarlanean antolatutako eguna izango da, gazteak antolakuntzan eta udalaren laguntza ekonomikoagaz: “Udalekoekin hitz egin genuen, adostu genuen nola egin genezakeen eta musika jartzaileak alboko herrietakoak izango zirela pentsatu genuen, aulestiarrak eta munitibartarrak, eta gu ere prest agertu ginen musika jartzeko”.
Gabezia horri konponbide bila abuztuan hasi ziren, gazteek bere oporraldian zer egin zezaketen pentsatzeko denbora hartu eta Lekeitioko jaiak amaitu ondoren, martxan hasi ziren eta orain arte antolakuntza lanetan aritu dira.
Udalaz gain, herritarren laguntza ere jaso dute. Herriko tabernatik ere eskua luzatu diete: “pilota partiduak egongo dira eta arituko diren jokalarientzako afaria prestatuko die”.
Ez dakite zenbat jende bertaratuko zaien, baina autobusetarako txartelak eskuratzeko interesa egon da gazte askoren aldetik. Izan ere, Aulesti, Munitibar, Amoroto , Mendexa eta Lekeitiora autobusak egongo dira jaia amaitzean, 3:30ean, buelta egiteko. Hau gutxi ez eta furgoneta bat ere erabilgarri egongo da arinago etxera bueltatu nahi duenarentzat. Gizaburutarrek ere erantzungo dutenaren esperantza dute: “Herriko jendea ere etorriko dela uste dugu lehenengo urtea izateko eta ea hala datorren urtean ere ea antolatzerik dugun. Jendea etortzea behar dugu datorren urtean berriz antolatu ahal izateko”.
Ohar bat ere helarazi nahi dute antolakuntzatik: “Euria bada, frontoian izango da jaia”. Izan ere, pilota partiduez gain, jaia plazan izango da, bertan egongo dira DJak eta txosna bat eta plazan txikian beste txosna bat izango dute.
Gazte taldetik jendea animatzea eta gazte egunaz gozatzera hurbiltzea espero dute eta horretarako deia egin nahi dute aldarrikapen argi batekin: “Herri txikiak ez dira itzaliko“.
Gazte egunaz gehiago jakin nahi duenak @gixaburuko_gaztik Instagram kontuan aurkituko du.