Gorputzak eta maskarak hizpide izango dituen solasaldia
Bihar (urriak 2) bertsolaritza eta literatura uztartuko dituen ekimena burutuko dute Lekeitioko Azkue Aretoan, 19:00etan. Zubiak Solastuz, Iratxe Retolazak eta Aissa Intxaustik gidatuz.
Zubiak Solastuz duela gutxi sortu zen Lanku kultur zerbitzuen eskutik datorren ekimena da, eta bere helburua gaur egungo gai edo kezken inguruan zubiak sortzea izanik, Lekeition gorputzak eta maskarak izango dituzte hizpide, bihar, 19:00etan, Azkue Aretoan. Horretarako, Iratxe Retolazak gorputzen eta maskaren inguruan prestatutako testu edo hausnarketak plazaratuko ditu, Aissa Intxaustik bertsoz lagunduta.
Hainbat azpigai landuko dituzten arren, epizentroa gaia bera izango dela nabarmendu du Intxaustik: “Landuko dugu zer pentsatu den bertsotik eta zer literaturatik gorputzen eta maskaren inguruan. Hainbat galdera botako ditugu airera: zertarako jartzen ditugun maskarak, zein maskara mota dauden: behartuak, norberak eraikitakoak, taldean sortutakoak, babeserako direnak, erantzuteko, horma modura… Horren inguruan pentsatzeko da ekimena”.
Solasaldian, bertsolariak aurreratu duenez, testu irakurriak egongo dira, bertsoak ere egogno dira, baina batez ere publikoaren parte hartzea ere egongo da, “solasaldia hausnarketarako tarte” bihurtuz. “Publikoarekin elkarrizketa bat sortzen saiatuko gara, bertsoa eta literatura uztartuz”.
Lanku kultur zerbitzuek ekimenari jarraipena emateko asmoa dutela aurreratu du Intxaustik, bide batez, bestelako gaiak ere mahai-gaineratuz: lurra, lana, gorputza —norbanakoa zein kolektiboa—, desira eta sexualitatea aipatu ditu Lankuk, adibidetzat.
Gauzak horrela, Azkue Aretorako sarbidea librea izango dela jakinarazi dute, eta interesdunei bertaratzeko deia ere zabaldu die Intxaustik.