Inork galdu nahi ez duen hitzordua
Hamazortzigarren Kuadrilla Egunean elkartu dira gaur, Ispasterren. Lagun taldeek beharrezko osagai guztiak jarri dizkiote ospakizun egunari.
Bardintzo kuadrillakoak, pozarren, Kuadrilla Eguna ospatzen. Ispasterko plaza eta elizpe inguruak kuadrillen topagune izan dira gaur [urriak 3], Ispasterko Udal kultura eta jai batzordearen eskutik. Bertan, 18. Kuadrilla Eguna ospatu dute, inork galdu nahi izan ez duen hitzordu berezia.
10:00etarako egon behar ziren kuadrilla bakoitzeko bina ordezkari bazkaritarako mahaiak jartzen eta antolaketan laguntzen, eta hala egin dute, irribarre bat soinean. Gainerako lagunak joan zaizkie batzen orduek aurrera egin ahala, nork bere janaria sukaldatzeko. Elizako aterpean hartu dute lekua, urteroko bera, azaldu dutenez. Paella, gisatu eta entsalada artean aritu dira prestaketetan, egunari falta ezin zaizkion osagaiak jarriz.
Ume, gazte eta heldu, ondo baino hobeto pasa dute, tartean-tartean, udalak aterpe berriaren azpian jarri duen photocall-ean argazkia aterata. Talde argazkirik ere ez da falta izan.
Bazkalaurrean, umeen bola jolasa izan da arreta gune, eta bazkalostean, bingo musikatuan aritu dira. Bola txapelketagaz eta txapel jaurtiketagaz osatu dute Kuadrilla Eguna.