Kantuak ez du mugarik izan
Ezin zitekeen beste modu batera izan. Xemein Abesbatzak kantuz eta kantuan ospatu du 50. urteurrena. Kantuan eta bidelagunekin, Zeanuriko eta Mallabiko abesbatzekin eta Ondarroako Kantaize Orfeoiagaz. Gaur [urriak 3] 11:30ean zeukaten hitzordua jarrita Plazabarripean, eta hantxe aritu dira solasean, kontu kontari, kantuan hasi aurretik.
Xemein Abesbatzeko kideak lagun, nork bere ibilbidea egin du. Zelaiko Arkupeetan, Fray Bartolome plazan eta Arretxinagako zubian launa abesti abestu dituzte, bakoitzak nahi izan dituenak, euskal kantu herrikoiak gehienak, ezagunak, ikus-entzuleei ere abesteko gonbitea eginez. Guztiak bata bestea baino hunkigarriago, sentiberago, indartsuago. Ederrago.
Goikoportalean elkartu dira 13:00ak aldera, guztiek elkarregaz abesteko. Maitia nun zira, Goizian argi hastian eta Baldorba Oi Baldorba aireratu dituzte.
Esperientzia ahaztezina izan da. Ondarrutarrentzat eta mallabitarrentzat lehen kantaldia izan dute Markina-Xemeingo kaleetan. “Berakruzen urteurrenean egon ginen, baina, kalean, estreinako gaude hemen”, azaldu du Mallabiko abesbatzeko kide batek, gonbidapena Xemein Abesbatzean eta Mallabikoan dabilen kide baten bidez jaso dutela nabarmenduta. Zeanuritarrak Xemeingo Gauan egon ziren orain dela hamar urte inguru, eta gaur “pozik” itzuli dira. Bateko eta beseko, halako ekimenetan gehiagotan elkartzeko nahia azaldu dute, elkarregaz kantuen oihartzuna urrunago ailegatu daitekeenaren jakitun.
Mahaiaren bueltan jarraitu dute. Jan-edanean eta kantuan, zelan ez, iluntzean Eingo! taldeak herria girotu arte.