Palestinar herriaren aldeko mobilizazioa eta hitzaldia Hego amerikako erresistentziari buruz
Etzi [urriak 7] 19:00etan Eskolapean elkartzeko deialdia egin dute Lekeitio Palestinarekin Elkartasun Taldekoek. Urriaren 22ean, Che Guevarari omenaldiaz gain, Carlos Aznarezek Hego amerikako egoeta eta erresistentziari buruz hitzaldia emango du 19:00etan Kultur Etxean.
Lekeitio Palestinarekin Elkartasun Taldetik mobilizazioa deitu dute etzi [urriak 7] 19:00etan Eskolapean, Palestina eta Israelen arteko gaur egungo gerraren urteurrenean: “Datorren urriaren 7an hiru urte beteko dira palestinar herriak hamarkadetako sarraskiari erantzun, eta horren atzetik, Israel entitatearen aldetik neurririk gabeko genozidio krudela abian jarri zutenetik”. Palestinar herriari elkartasuna adierazteko deia egin dute, batetik Palestina askatzea eskatzeko eta bestetik Israelen desagerpena aldarrikatzeko.
Azken hiru urteotan elkartasun dinamika “etengabeak” eraman izan ditu aurrera taldeak, “palestinar erresistentziari babesa eman eta Israelen desagerpena aldarrikatuz”. 2023an hasi zuen bere ibilbidea “palestinar erresistentziaren altxamendua babestu eta Israel entitateak aurrera daraman genozidioa salatzeko”, baina helburu nagusi horretaz gain, euren begirada mundu mailako beste herrialdeetara zuzenduta dute, taldearen irakurketa eta elkartasun borroka mundura zabalduz. Hala, bi lan ildo dituzte jomuga. Lehenengoa “Palestinarekin elkartasun dinamika”, biharko mobilizazioa lan ildo honen ekimena izanik, eta bigarrena “Herri-langileak tinko!” dinamika, munduko beste herrialdeekiko elkartasuna aktibatzeko ekimena.
Bigarren horren baitan, urriaren 22an omenaldi berezi bat eta hitzaldi bat antolatu dituzte 19:00etan Kultur Etxeko Azkue aretoan. Ekitaldi horren hasiera emateko, lehenengo Che Guevara “iraultzaile eta militante internazionalistari omenaldia” egingo diote 59 urte bete direnean atxilotu eta erail zutenetik. Ondoren, “Hego amerikako egoera eta erresistentziak” izango dituzte hizpide Carlos Aznarez Resumen Latinoamericano proiektu komunikatiboko zuzendaria eta gai internazionaletan adituagaz. Hitzaldian “gaur egun Hego Amerika eta Karibek inperialismo Estatu Batuarraren eskutik bizi duen erasoa eta bertako momentuko egoera” jorratuko ditu Aznarezek.
Elkartasun taldearen hitzetan, “Herri langileok tinko” dinamikatik sortutako ekitaldi honek “inperialismoak zapaldu eta erasotutako herriei elkartasuna” adierazteko helburua du: “Palestinan argi geratu den bezala, Palestinaren zein munduko beste herrien zapalkuntzaren atzean mendebaldeko inperialismoa dago, Estatu Batuak buru dituena, NATO arma nagusi eta Europar Batasunaren konplizitatearekin”.
Ekitaldia eguaztenean [urriak 8] egitekoa bazen ere, atzeratzea erabaki dute greban egongo diren udal langileei babesa adierazteko: “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletxeetako langileen baldintzak hobetzeko greba deialdia deitua dago urriaren 8rako, eta Kultur Etxea eta bertako langileak ere udalaren parte direnez, hitzaldia urriaren 22ra atzeratu dugu, grebarekin bat egin eta greban dauden langileei elkartasuna adieraziz”.