Ernaik etxebizitza duinaren aldeko aldarria zabaldu du
Besteak beste, Markina-Xemeinen elkarretaratzea egin zuten atzo, Ernaik deituta. Mobilizazioa azken asteetan etxebizitza duinaren alde sortutako "olatu herritarraren" barruan kokatu du gazte erakundeak.
Ernaik etxebizitza duinaren aldeko elkarretaratzeak egin zituen atzo arratsaldean Euskal Herriko 26 herritan: horien artean, Markina-Xemeinen. Mobilizazioak azken asteetan etxebizitza duinaren alde sortutako “olatu herritarraren” barruan kokatu zituen gazte erakundeak, eta etxebizitza auziari “benetakoa eta integrala den konponbide bat” emateko eskatu zuten. “Etxebizitza auziari dagokionez, benetakoa eta integrala den konponbide bat eman ezean atzera pausorik egingo ez dugula argi utzi nahi dugu”, adierazi zuen Ernaik.
Etxebizitzaren arazoa eta ultraeskuinaren gorakada lotuta daudela defendatu zuten Ernaiko kideek, bestalde. Atzo goizean jasotako albisteak —hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratzeak— “ultraeskuinak epe laburrean Espainiako Estatuko gobernura heltzeko aukera errealak” dituela erakusten zuela azaldu zuten. “Horren aurrean, ez ditugu bi auzi desberdin moduan ulertzen etxebizitzaren eta ultraeskuinaren auziak. Biak bizi dugun garaiaren eta kapitalismoaren ezintasunen ondorio dira”, azaldu zuten.
Gazte erakundearen esanetan, azken hamarkadetan eraikitako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa “ez da sostengarria”, eta hori gutxi balitz, neoliberalismoak ere “goia jo” duela nabarmendu zuten Ernaitik. Horren ondorioz, gero eta herritar gehiago “prekarietate gordinenera” kondenatzen ari direla salatu zuten. Etxebizitzaren kasuan, bereziki agerikoa dela adierazi zuen Ernaik, “oinarrizko eskubidea izan beharko zena negoziorako bitarteko bihurtu” dutelako: “Funts putreak eta enpresari handiak aberasten dabiltza, eta gu geroz eta pobreagoak gara”. Egoera horren adibide gisa, azken asteetako etxegabetzeak, “alokairu-prezio desorbitatuak” eta gazteek gurasoen etxetik irteteko duten zailtasuna aipatu zituzten, besteren artean.
Horren aurrean, Ernaik “orain arteko ereduarekin ebakitzea eta sakoneko aldaketa bat martxan jartzea” eskatu zuten. Eta bide batez, etxebizitzaren inguruko erabakiak Euskal Herrian bertan hartzearen alde egin zuten: “Euskal Herrian erabaki behar dugu etxebizitzen gainean, ez Madrilen eta Parisen”. Era berean, “sozialismora bidea egiteko ordua” dela defendatu zuten, “herritarren beharrizanak erdigunean jarriz”.
Azkenik, etxebizitza “negoziorako merkantzia” izan ez dadin eta herritar guztien eskubidea izan dadin aldarrikatu zuen Ernaik. “Eman daigun ba, pausu bat aurrera. Etxebizitza ez daiten izan negoziorako merkantzia bat, danok bermatuta dugun eskubidea baino”, azpimarratu zuten, amaitzeko.