"3, 2, 1... Euskarazko zinemak dena du kontatzeko"
49. Euskal Zine Bilera urriaren 14tik 18ra egingo da eta sail ofizialean hogei lan lehiatuko dira. Epaimahaia Irati Gorostidi Agirretxe, Aimar Arriola eta Edurne Azkaratek osatuko dute eta aurtengo Begirada Sariagaz Jose Ramon Soroiz omenduko dute.
Lekeitioko Udalaren pleno aretoan egin dute prentsaurrekoa.Naia Laka Arrizubieta Heldu da udazkena eta udazkenean Lekeition zinemak ohi baino presentzia handiagoa hartzen du, Euskal Zine Bileraren datak hurbildu ahala. Gaur bertan aurkeztu dute aurtengo jaialdia ofizialki Lekeitioko Udaleko pleno aretoan, eta bertan azaldu dituzte jaialdiak aurten emango dituenak eta nabarmenduko diren ekintza eta emanaldiak.
Euskal Herriko zinema jaialdi zaharrenetako horrek 49. jaialdia egingo du aurten, eta antolakuntzatik diotenez, “Ia mende erdiz, plano-sekuentzia batean bezala, etenik gabe egin du aurrera Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Belaunaldiak, begiradak eta istorioak lotuz, euskarazko zinemaren topaguneetako bat izaten jarraitzen du jaialdiak”. Euskara hutsean egiten den jaialdi bakarretakoa da eta antolatzaileek euskaraz egindako film bategaz alderatzen dute: “kolektiboa, jarraitua eta etengabe eraldatzen ari dena, bere istorioa euskaraz kontatzen duena”.
Euskal zinemagile gazteen abiapuntu eta topagune ere badela aldarrikatu nahi dute, proiektuak sortzen diren eta lehen aldiz pantailaratzen diren jaialdia, komunitatea sortzen duen jaialdia. Guzti hori sortuko den esperoan jaialdiari ogi etorria egin nahi diote atzera kontaketa batekin: “3, 2, 1… Euskarazko zinemak dena du kontatzeko”.
Hogei lan lehiatuko dira
Jaialdiak bost egun izango ditu urriaren 14tik 18ra, “euskaraz egindako lanen erakusleihoa” izango da eta film laburren lehiaketa bat izanik, hilaren 15, 16 eta 17an sail ofizialean lehian sartu diren hogei lanak proiektatuko dira Ikusgarri aretoan.
Urriaren 15ean 19:00etatik aurrera Galdetzen duten begiradak (Ander Reviejo Churruca), Iraganeko mamuentzat (Eñaut Rodriguez Beloki), 700 (Oier Romatet eta Araitz Garate), Zisne Beltzak (Iban del Campo Uribarrena), Idi (Beñat Gereka Bikuña), Inoiz Ez (Guillermo Uria Viar), eta Loa Loa (Elene Ocariz Ruiz) proiektatuko dituzte. Urriaren 16an ordu berean Pepa (Unai Guerra Buenetxea), Hogeitabat (Elene Mengyu Larrinaga Bilbao), Joare tte (Ekaitz Bertiz), Abata (Aner Etxebarria eta Pablo Vidal), Eguneroko Legez (Julen Duhau Larrañaga), Mendialdeko ogia (Unai Ruiz Amestoy) eta Potasio (Josu Martinez) ikusi ahal izango dira. Urriaren 17an 12:00etatik aurrera proiektatuko dira MA (Ekain Martinez de Lizarduy Stürtze), Berpiztu (Iker Gozategi Intxauspe), Zezena eta umea (Igor Garcia Piñas), Mintzo Zen (Aitor Arruti eta Izaro Arruti), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala) eta Urdaibaiko Sakrifizioa (Galder Irusta).
Lehiaketaz kanpoko bi lanek ere bere lekua izango dute jaialdian. Urriaren 15ean sail ofizialeko film laburren aurretik Serie hiltzailea (Azkue Ikastolako DBH3 gela) eta Ispilua zeharkatuz (Ainhoa Alberdi Gisasola) ikusteko aukera izango da.
Urtero bezala, aurten ere lehiaketako Film onena, Zuzendaritza onena eta Gidoi onenaren irabazleak aukeratuko dituen epaimahaia berritu dute. Epaimahai izango da Irati Gorostidi Agirretxe artista eta zinemagilea, Aro berria filmaren eta Contadores film laburraren egilea bera, 70eko hamarkadako gizarte-mugimenduak aztertzen ditu. Bestetik, Aimar Arriola Madrilgo Mataderoko Intermediae programako zuzendaria eta Kultura Bisualetan doktorea ere epaimahai lanetan arituko da eta Edurne Azkarate Arte Dramatikoan graduatutako aktorea eta ikus-entzunezkoetan eta antzerkian ibilbide zabala duena izango da hirugarren epaimahaikidea.
Hainbat sari banatuko dira urriaren 17ko ekitaldian:
- Film onenaren saria: 3.000 euro
- Zuzendaritza onenaren saria: 1.600 euro
- Gidoi onenaren saria: 1.600 euro
- EITB ikusleen saria: 750 euro
- Esperientziaren epaimahaiaren saria: 1.000 euro
- Benito Ansola saria – Gazte epaimahaiaren saria: 500 euro
Aurten sari moduan ematen den garaikurra berria izango da. Oier Iruretagoiena Errenteriako artista plastiko eta soinu-ekoizleak diseinatutako garaikurra aurkeztu dute. Diseinu berriak antzarra, euskara eta zinema uztartzen dituela adierazi dute: “Emaitza ahotik zinea proiektatzen duen antzara da, zinemaren eta hizkuntzaren arteko elkarrizketa irudikatzen duen pieza”.
Adin eta gustu guztientzako
Jaialdiak lehiaketaz kanpo egitarau zabala prestatu du proiekzio, ekintza eta ekitaldiekin. Jaialdiak Hazparneko Zinegin Festibalagaz duen harremanaren fruitu dira ere, egitarauaren barruan egingo diren Muskuilu eta Puah! filmen proiekzioak ere. Atzo8 proiektuaren barruan, “euskal zinema analogikoaren ondarea ezagutarazteko plataforma digital berria” aurkeztuko dute urriaren 18an. Klixka Arraguaren programak ere irudi mugikorrarekin esperimentatzeko espazioak sortuko ditu. Harrobia gazteak zinemagintzara hurbiltzeko proiketuak ere ekintzak antolatuko ditu Lekeitioko ikastetxeetako gazteentzako.
Egitarauak ordea gehiago ere izango du, hiru proiekzio berezi izango baitira tartean. Urriaren 14an Zahartzaro feministarantz, Boga-boga “Ondarroako emakume helduen ahotsak eta esperientziak batzen dituen dokumentala” emango da, Irati Gorostidi Agirretxeren 1978ko Donostian kokatutako Aro berria filma urriaren 18an eta egun horretan bertan antzar jokoari buruzko Antzarra Zerumugan dokumentalak itxiko du jaialdiaren egitaraua.
Aitortzek ere bere lekua izango dute jaialdian. Izan ere, aurten Euskal Zinemaren Begirada Saria Jose Ramon Soroiz aktoreari emango zaio urriaren 17ko ekitaldian, “euskal zinemari eta telebistari egindako ekarpen zabala aitortzeko”.