Hamaika ekintzagaz osatu dute "turismo jasangarria" bultzatzeko programa
Lea-Artibaiko paisaia eta bere historia ezagutzeko hainbat ekintza antolatu ditu Leartibai Fundazioak. Urriaren 17an hasi eta azaroaren 8ra arte, irteerak, bisita gidatuak edo dastaketak egingo dituzte asteburuetarako.
Lea-Artibai barru-barrutik eta eskualdeko paisaietatik haratago ezagutzeko aukera sortu du Leartibai fundazioak. Leartibai Bertotik izenagaz aurkeztu dute “turismo jasangarria” bultzatzea helburu duen programa, eta honen baitan, eskualdeko txokoak ezagutzeko gonbidapena zabaldu dute. Herriz herri eta esperientziaz esperientzia, eskualdeko biztanleei euren ingurua inoiz ez bezala ezagutzeko aukera da.
“Lurraldea bisitatzen dutenentzat eta bertan bizi direnentzat onuragarria den bidaiatzeko modu bat” martxan jarri du fundazioak. Turismoa “zaintzarako, lurraldea aintzat hartzeko eta bertako identitatea indartzeko tresna” bezala ulertzen dute, horregatik, eskualdeko paisaietan murgiltzeko, ondare kulturala ezagutzeko, gastronomiaz gozatzeko eta tradizioak eta bizimodua bizirik mantentzen dituzten pertsonengana hurbiltzeko aukera zabaldu du. Urriaren 17an hasi eta azaroaren 8ra arte, irteerak, bisita gidatuak edo dastaketak antolatu dituzte asteburuetarako.
Txoko berezienetan. Gizaburuagak hartuko du programaren lehen ekintza. Oibarko kobazulora bisita gidatua antolatu dute urriaren 17rako, herriak gordeta duen leku berezi honetan “espeleologiagaz lehen kontaktua izateko eta bertako txokorik harrigarriena arakatzeko”. Markina-Xemein arratsalderako ekintza bategaz dator. Alde Zaharra, frontoia eta Arretxinaga ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute, Uhagonen bertoko produktuen dastaketa bategaz amaituko dutena.
Urriaren 18a Lekeition igaroko dute bisitariek. Goizean Mendieta ontziolara bisita gidatua egingo dute “erriberako arotzeriaren tradizioa” ezagutzeko. Parte hartzaileek gosaria izango dute Arraun tabernan. Arratsaldera begira, martxa nordikoa egingo dute “herriaren historia eta ondarea ezagutzeko” ibilbide bat osatuz.
Urriaren 24an 10:00etan Zubieta hotelean batuko dira parte hartzaileak gosaria jateko. Horren ostean hasiko dute Ispaster eta Amoroton egingo duten bisita, “Bingen nekazari eta ekintzaile gaztearen ustiategiaren egunerokoa ezagutzeko” aukera emango diena. Hala, izena eman dutenek bertako elikagaien balioa ezagutzen eta barazkiak biltzen pasako dute goiza. Urriaren 25ean ere Ispaster izango dute topagune. Herriko tabernan gosaldu eta herriko baserrien historia ezagutzeko egun aproposa izango da.
Mendexak hartuko du urriaren 31ko ekintza. Talai-Azpia upategian mahastien artean murgildu eta bertatik bertara ezagutuko dute txakolinaren ekoizpen prozesua. Bisitaren amaieran, itsasotik hurbil landatutako mahatsekin egindako txakolina dastatzeko aukera izango dute. Arratsaldean artea erdigunean jarriko duen tailerra abiatuko dute. Ispasterren batu eta Lekeitioko argazki artxiboa gaur egungo teknikekin uztartuko dute, argazkiak inprimatzeko eta memoriari begiratzeko modu desberdinak ezagutzeko.
Ziortza-Bolibar izango da azaroaren 1eko lehen geldialdia. Simon Bolivar museora eta Ziortzako monasteriora bisita egin eta bertoko produktuen dastaketa egiteko aukera izango dute. Ondarroa eta Berriatua lotzen dituen Errege Bidea egingo dute arratsaldean, tokiko historia, paisaia eta zaporeak ezagutzeko. Horretarako, Zentral tabernak bertako produktuen dastaketa hartuko du.
Azaroaren 7an Ondarroan batuko dira itsasoa eta bere tradizioa erdigunean jarrita. Portuko emakume langileen jarduna ezagutzeko aukera paregabea izango da, euren beharraren xehetasun eta berezitasunak azalduko dituzte. Euren bizipenak entzuteagaz batera, arrain eta txakolin dastaketa egingo dute bisitaren amaieran. Herriko emakumeekin eta euren historiagaz jarraituko dute arratsaldeko ekintzan. Bertan, Ondarroako bazterrak apaintzen dituzten muralak eta emakumeen historia izango dute hizpide. Sirimiri tabernak bertako produktuen dastaketa eskainiko du.
Hasitako lekuan amaitu eta Gizaburuaga topaleku izango dute beste behin. Ba al dakizu nola bihurtzen den baratxuri arrunta mundu osoko sukaldariek hain estimatzen duten baratxuri beltz berezi horretan? galderagaz aurkeztu du Leartibai Fundazioak azaroaren 8ko ekintza. “Ekoizpen agroekologikoan oinarritutako lan egiteko modua, lehengaien zaintza eta elikagaien eraldaketaren inguruko teknikak” ikusiko dituzte bisitariek, produktu horren atzean dagoen proiektua ezagutzeagaz batera.
Izena emateko edo informazio gehiagorako 645 00 94 77 telefono zenbakira deitu edo web orria bisitatu daitezke.
Egutegia, ekintzaz ekintza:
Urriak 17, 11:00etan. Oibarko kobazuloan bisita gidatua, Gizaburuagan.
Urriak 17, 16:00etan, Alde Zaharra, frontoia eta Artzinategia ezagutzeko bisita gidatua, Markina-Xemeinen.
Urriak 18, 10:00etan, Mendieta Ontziolan bisita gidatua eta erriberako artisautza-tradizioa, Lekeition.
Urriak 18, 16:00etan, Ipar martxa, Lekeition.
Urriak 24, 10:00etan, Kostabi: lurretik mahaira, Ispasterren eta Amoroton.
Urriak 25, 10:00etan, Ispaster Km 0: gure baserrien historia ezagutuz, Ispasterren.
Urriak 31, 11:00etan, Talai-Azpia: itsasoaren zaporea edalontzi bakoitzean,Mendexan.
Urriak 31, 16:00etan, Transfer Lekeitio: argazki-memoria berrinterpretatzen, Ispasterren.Ondarroa-Berriatua
Azaroak 1, 16:00etan, Historia, paisaia eta zaporea Errege bidean zehar, Ondarroan eta Berriatuan.
Azaroak 1, 10:00etan, Simon Bolivar museoan eta Ziortzako monasterioan bisita gidatua, Ziortza- Bolibarren.
Azaroak 7, 11:00etan, Ondarroako lonjara bisita eta arrain dastaketa, Ondarroan.
Azaroak 7, 16:00etan, Ondarroako muralak eta emakumeen historia, Ondarroan.
Azaroak 8, 11:00etan, Baratxuri Beltz Artisaua ezagutzen, Gizaburuagan.