Arbatzegi eta inguruak ezagutzeko aukera aproposa domekako irteeran
Arbatzegira bidean, Gerrikaitz auzoa ere bisitatuko dute eta herritarrak ari dira ibilbideko azalpenak prestatzen. Irteeran parte hartu nahi duenak domekan 10:30ean Munitibarko plazan agertu besterik ez du.
Habixi Elkarguneak urtearen amaierari begira agenda berria prestatua du eta hainbat ekintza ditu egutegian markatuta. Ekintza horien artean, domeka honetan Arbatzegi auzora irteera antolatu dute Munitibarren. Herriko plazan 10:30ak inguruan elkartzera deitua dago parte hartu nahi duen oro, eta herriko hainbat txokoren inguruko historia eta istorioak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Ibilbideak ez du Arbatzegi auzoa bakarrik hartuko, bertarako bidea ere aprobetxatu nahi dute: “Pentsatu duguna izan da, Arbatzegira bidean Gerrikaitz auzotik pasatuko garenez, auzoa ezagutzeko aitzakia erabili dezakegula, baserriak ezagutu, auzoaren historia…eta hortik Arbatzegira joango gara”.
Herrian egiten dituzten irteeren helburu nagusia transmizio lana izan da betidanik: “Proiektua hasi genuenean Munitibarreko txoko desberdinak ezagutaraztea jarri genuen helburutzat, eta ekintza horren barruan sartuko litzateke irteera hau ere”.
Eta herria ezagutarazteko, herriari buruz ezagutza dutenak behar dituzte azalpenak eman eta istorioak kontatzeko. Elkargunetik jakinarazi dute hainbat herritar ari direla horretan lanean, ibilbidean ikusiko dituzten lekuen informazioa prestatzen. “Munitibarreko historia era batean herriak berak izan duen historia” azalduko dute.
Ibilaldia amaituta, Arbatzegitik bueltan irteeran parte hartuko duten guztientzako hamaiketako bat jarriko dute ekintza borobiltzeko. Irteeran parte hartzeko ez dago izena eman beharrik: “Plazara agertu eta animetan garenok bertara joatea da asmoa”.