Arnasguneetako gazteentzako 'Arnasetik' lehiaketa, ate joka
Izen ematea urriaren 15a aurretik egin beharko dute eta sortutako ikus-entzunezkoak urriaren 30rako bidali beharko dituzte. Lau lan sarituko dituzte 500 euroko bonuarekin.
Arnasetik bideo sormen lehiaketa bostgarren aldiz egingo da udazken honetan, eta helburua, beste behin, “euskararen arnasguneetako gazteek sormena martxan jartzea” izango da eta euskara hutsean egindako ikus-entzunezkoak sortu beharko dituzte: “Haien
egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez”.
Lehiaketa 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, arnasguneetako ikastetxeetakoak zein arnasguneetako ikasleak hartzen dituzten ikastetxeetakoak, eta hiru kategoriatan banatuko dira adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka desberdinak landu beharko dituzte sortuko duten bideoak erronka horri erantzun beharko dio:
- LH 5. eta 6.mailako ikasleen erronka Dakienak ba al daki? izango da eta “herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa” bat sortzea izango dute helburu.
- DBH 1. eta 2. mailako ikasleek Ongi etorria izeneko erronka izango dute landu beharreko gaia, musika eta mugimendua oinarri hartuz, “arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen” erakutsiko duen ikus-entzunezkoa sortu beharko dute.
- DBH 3. eta 4. mailako gazteek Eusle mode on erronkari helduko diote, “sare sozialetako hizkuntza erabilerari buruzko gogoeta” eragingo dieten bideoa sortzea izango da euren lana.
Parte hartu nahi dutenek urriaren 15a izango dute izena emateko epemuga eta hilaren amaieran urriaren 30a sorkuntza lanak bidaltzeko azken eguna izango da. Azaroaren 5etik 13ra zabalduko da onena bozkatzeko aukera Arnasa Gara ekimenaren webgunean (arnasagara.eus).
Sari banaketa Lekeition egingo da azaroaren 26an eta “gazteen sormena eta euskararekiko konpromisoa” aitortzeaz gain, lehiaketara aurkeztutako lanik onenak sarituko dira. Lau izango dira banatuko diren sariak, kategoria bakoitzeko bat eta publikoarena beste bat, denek 500 euroko bonua jasoko dutelarik. Irabazleak iragartzeaz gain, ekitaldiaren helburua arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmentzea izango da, Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatzen den ekimena izanik.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk lagunduta antolatzen den lehiaketa da, eta funtsean arnasguneen garrantzia azaleratzeko, “gazteei beren herrietako hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko aukera ematea eta ikus-entzunezkoen bidez euskararen presentzia eta indarra erakustea” dute jomuga.